Idazteko zaletasuna bultzatzeko ipuin lehiaketa jarri dute martxan

Ataria 2023ko urriaren 13a

2019ko sari banaketa ekitaldia

Tradizio luzeko Hernandorena XXII. Ipuin lehiaketaren deialdia egin du Zizurkilgo Udaleko Euskara sailak. Lanak aurkezteko epea azaroaren 17an bukatuko da eta sari banaketa ekitaldia abenduaren 22an egingo dute.

Zizurkilgo Udaleko Euskara sailak Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketaren deialdia egin du idazteko zaletasuna sustatu nahian. Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo herritarrek parte hartu ahal izango dute, gehienez bi lan aurkeztuta. Gaia librea izango da, baina euskara da erabili beharreko hizkuntza.

Adin tarteen arabera maila ezberdinetan banatuko dute lehiaketa eta maila bakoitzeko parte hartzaileak luzera jakin bateko lanak aurkeztu beharko ditu. Bi kopia entregatu beharko dira Zizurkilgo udaletxean edo udal bulegoetan azaroaren 17a baino lehen.

Epaimahai aditu batek erabakiko du lan sarituak zeintzuk diren eta sari banaketa ekitaldia abenduaren 22an egingo dute. Adina eta mailaren arabera opari eta sari ezberdinak banatuko dira, lehenengo eta bigarrengo sailkatuen artean.

Parte hartu nahi dutenek Zizurkilgo Udalaren webgunean topatuko dituzte Teodoro Hernandorena XXII. Ipuin lehiaketako oinarriak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!