Mende laurdenera iritsi da Zizurkilgo Azoka Berezia

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 2a, 18:00

Igandean 47 postu jarriko dituzte Herrigunean; arratsaldean hirugarren mailako Euskadiko Aizkolarien kanporaketa jokatuko da frontoian.

Artisau eta ekoizleen lana babesteko helburuz jaio zen Zizurkilgo Azoka Berezia eta helburu horri eutsita egingo dute igandean 25. edizioa. Herrigunean 10:30etik 14:30era postuak egongo dira jarrita eta pandemiagatik etenda egon den ohitura berreskuratuz, eguerdian, Plazaetxeberrin herri bazkaria egingo dute. Eguna biribiltzeko, Euskadiko Herri Kirol Federakundeak antolatuta, Euskadiko 3. Mailako Aizkolarien kanporaketa saioa egingo da 19:00etan Intxaur frontoian. 

Maite Amenabar alkateak nabarmendu du ekoizle eta artisauak direla azokaren muina eta haiengatik antolatzen dutela azoka. Ainhoa Larrea kultura teknikariak gogoratu du festa bat izateaz gainera, azoka salmenta puntua dela eta horregatik gerturatzen diren herritarrak erosketak bertan egitera animatu ditu. Duela 25 urte «xume-xume» abiatutako ekimenak hartu duen tamainaz harro agertu da Larrea. «Gure helburu nagusia euren eskuekin lanean aritzen zirenei plaza bat eskaintzea zen. 25 urte pasa ondoren, pozgarria da ikustea ekoizle horiek ere badutela bere tokia azokan».

Igandeko festa «mimo handiz» prestatzen dutela adierazi du teknikariak eta gogoratu du aurreko urteetan bezala Herriguneko toki ezberdinetan jarriko direla postuak. Zimiterioan, plazan eta Teodoro Hernandorena kalean jarriko dira janari postuak eta Intxaur frontoian artisauenak. Zizurkilgo bertako Xabier Eñaut Lizarribar, Fraisoro nekazal eskola, RBLD sagardoak eta Garazi loradenda izango dira azokan. Bedaioko Balerdiko Erleak taldeko kideek ere, erlauntzak jarrita dauzkate Zizurkilen, eta beraz, bertan ekoitzitako eztia jarriko dute salgai igandean. Tolosaldeko beste ekoizle batzuk ere egongo dira: Anoetako Iparrabeer, Amezketako Argaia Goena eta Eguzkileire, Orendaingo Larreta eta Asteasuko Enriope.

Artisau postuen artean ere askotariko ekoizpenak izango dira salgai Zizurkilgo Azoka Berezian. Goizean zehar, gainera,  putz eginez sortutako kristalaren erakustaldia egingo du Igor Obesok, eta Aretxabaletako Iker Gabilondok, berriz, forja erakustaldia eskainiko du. Ehun naturalak eta zura lantzen dituen Zurjole eskolak ere erakutsiko du egin ohi duen lana. Eskualdeko Kaori, Amlu, Sualma eta Kimuri proiektuetako ordezkariak euren postua jarriko dute azoka berezian eta tartean izango dira herrikoak bertakoak diren Dario Arteta eta Maria Altuna. Azken honek azokaren 25. urteurrenaren harira irudi bat sortu du eta hori baliatuz igandean horma irudi kolaboratiboa sortuko dute. Ondoren paretan jarriko dute eta jendeari argazkiak ateratzeko aukera emango zaio. Horma irudia margotzen laguntzen duten lehenengo 100 pertsonek irudia daraman postala jasoko dute opari.

Azoka eta festa uztartuko dituzte Zizurkilgo Herrigunean eta horretarako goizean zehar eztizko kandelak egiteko aukera izango da Amadenda postuan. Gainera, pottoketan ibiltzeko aukera izango dute umeek eguerdian. Herriko Pedro Mari Otaño eta San Millan ikastetxeek ere protagonismo berezia izango dute azokan. El Salvadorreko Henry Ortiz eta El Barrial ikastetxeekin senidetuta daude eta igandean lortutako dirua Segundo Montes komunitatera bideratuko dute, baita herritarrek prestatutako talo postutik lortutako dirua ere.

Salmenta eta jai giroa

Azken bi urteetan ez dute herri bazkaririk egin Zizurkilgo Azoka Bereziaren bueltan, baina aurten ohitura bereskuratuko dute. Plazaetxeberrin egingo dute eta bi menu egongo dira aukeran. Txartelak bihar arte salgai egongo dira Egarri, Iriarte eta Plazaetxeberri tabernetan, helduentzako 20 euroan eta umeentzako 10 euroan.

Herrigunera igotzeko auto partikularren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin nahi du udalak eta horretarako autobusa erabiliz gerturatzeko gonbita luzatu du. Elbarrenan, Gashor enpresaren inguruan autoa utzi eta 10:15ean hasita autobus zerbitzua martxan egongo da. Joan-etorrian ibiliko da autobusa 15:00 arte eta Bulandegi bideko errotondan eta Zubiaurretxon egingo ditu geldialdiak. Autoz gerturatzen direnek Elizaren atzealdeko aparkalekuan eta Perot lantokian izango dute kotxea uzteko aukera.

Eguna biribiltzeko Euskadiko Herri Kirol Federakuntzak 3. mailako Euskadiko Aizkolari Txapelketaren kanporaketa antolatu du Intxaur frontoian, 19:00etan hasita. Herri Kirol Federakuntzako lehendakari Igor Duñabeitiak adierazi du, «ohore» handia dela Zizurkilen kanporaketa hau antolatzea. 16 aizkolari ariko dira eta bere parte hartzea iragarrita zegoen arren, azken orduan Jon Irazu zizurkildarrak adierazi du ezingo duela parte hartu lesio baten ondorioz.

Alkateak eskerrak eman dizkio Federakuntzari kirol proba hori Zizurkilen antolatzeagatik eta aldi berean azoka aurrera ateratzeko lanean aritzen diren teknikari, brigadako langile eta boluntarioei esker ona adierazi die. «25 urteko bidea egin badugu, haiei eskerrak izan da», esan du Amenabarrek. Eskualdeko herritarrei igandean Zizurkilgo Herrigunera gerturatzeko deia luzatu diete udal ordezkariek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!