Elkarrizketa

«Gure nahia umeak pilotan gustura jokatzen ikustea da»

Endika Apalategi Labayen 2023ko abu. 8a, 12:00

JULEN ALBERDI. ZIOTZA PILOTA ESKOLAKO KIDEA

Amabirjin jaiak, abuztuaren 11n hasi eta abuztuaren 15a, Andra Mari eguna bitarte, ospatuko dira Zizurkilen. Aurten, Zizurkilgo Ziotza Pilota Eskolak jaurtiko du txupinazoa.

28. Zizurkilgo Txapela Egunean, jai batzordeak txapela guri ematea erabaki zuen. Txapela Egunean txapela janzten duenak jaiei hasiera ematen dien suziria jaurtitzeko ohorea izaten du, eta aurten guri tokatu zaigu. Pertsonalki sekulako poza hartu nuen, eta pilota eskolarentzat berri ederra izan da.

Egun horretan, zein izango da zuen egitekoa?

Urteroko moduan, Iriarte tabernako balkoira igo beharko gara pilota eskolako kideak, eta bertan suziria piztea egokituko zaigu. Gaur egun pilota eskolan lan egiten dugun kideez gain, iraganean Ziotza Pilota Eskolan urte luzez lan handia egin dutenak ere igoko dira balkoira; izan ere, urte askoan egindako lan onaren emaitza da gaur egungo pilota eskolaren egoera.

Zer dela eta hautatu dute Ziotza Pilota Eskola?

Esan bezala, urte hauetan guztietan egin dugun lanaren emaitza da hau. Herritarrentzat, Ziotza Pilota Eskola denbora-pasa bat bilakatu da, batez ere gaztetxoenentzat. Gu geu, txikiak ginenean, eskolatik irten eta zuzenean frontoira joaten ginen pilota eskolakoekin entrenatzera, eta esango nuke herritar denak ibili garela noizbait herriko pilota eskolan entrenatzen. Horrexegatik hautatu gaituztela uste dut nik.

Noiztik zabiltza Ziotza Pilota Eskolan lanean?

Entrenatzaile bezala, bost urte daramatzat lanean. Orain bi urte ordea, Manuel Erasunek kluba uztea erabaki zuenean, klubaren zuzendaritzan sartu ginen hiru lagun eta gaur egun hiru lagunen artean eramaten dugu dena.

Zer moduz joan da aurtengo denboraldia pilota eskolan?

Egia esan oso gustora gaude aurtengo denboraldiarekin. Izan ere, 28 umetik gora izan ditugu pilota eskolan izena emanda. Bost urtetik hasi eta infantil maila arteko umeak ditugu gure artean, eta geroz eta neska gehiago animatzen ari dira eskuz probatzera. Entrenamenduak, astearte eta ostegunetan egiten ditugu.

Zu zeuk ere zure lehen pilotakadak Ziotza Pilota Eskolan eman zenituen. Nola gogoratzen dituzu garai horiek?

Ziotza Pilota eskola sortu zenean, gogoan dut lau urte besterik ez nituela, eta pilota eskolan sartzeko zazpi urte behar ziren. Arratsalde osoa zaharragoek nola entrenatzen zuten ikusten pasatzen nuen, eta tarteka beraiekin jokatzera gonbidatzen ninduten. Garai hartako oso oroitzapen politak ditut gogoan.

Etorkizunera begira zein dira zuen asmoak?

Orain arte bezala jarraitu nahi dugu lanean. Gure nahia, umeak pozik eta gustura pilotan jokatzen ikustea da, eta nahi duenari ematen diogu gure pilota eskolan jokatzeko aukera. Gu geu ere, lanean jarraitzeko gogotsu gaude, eta ea urte luzez lanean jarraitzeko aukera dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!