Julen Alberdik txapela gertu izan du etxean

Ataria 2023ko abuztuaren 5a

Lau eta erdiko Zizurkilgo Herria Txapelketaren hiru finalak gaur arratsaldean jokatu dira Intxaur pilotalekuan. Elite mailan Ansok 22-20 irabazi dio etxeko pilotariari, Alberdiri.

Etorkizunekoen finalarekin hasi da Zizurkilgo pilota jaialdia. Egiguren azpeitiarra izan da nagusi 22-12ko emaitzarekin, Perurenaren aurka. Emaitzak nahiko ondo erakusten du partidan gertatua. Egiguren uneoro markagailuan aurretik joan da. Perurenak eskuetan arazoren bat zuela zirudien, baina hala eta guztiz ere, azpeitiarrak merezita irabazi du arratsaldeko lehen finala.

Emakumeen finala jokatu da ondoren. Garai eta Zabaletak neurtu dituzte indarrak, eta leitzarrak ikuskizuna eskaini du. 22-6 nagusitu zaio Garairi, eta benetan azpimarratzeko jokoa erakutsi du Zabaletak. Ikusgarria.

Azken finalaren zain zeuden zaletu gehienak, etxeko pilotariak jokatzen zuelako. Aurretik hasi da Julen Alberdi, baina Ansok markagailua berdintzea lortu du 11na. Ondoren 14na eta 20na ere jarri dira. Azken bi tantoak Ansoren alde erori dira. Alberdik artista dela erakutsi du beste behin ere, tanto ikusgarrienak bereak izan baitira. Ansok bi paretarekin min handia egin dio zizurkildarrari. Partida oso gogorra izan da, eta gehiago arriskatu den Alberdi txapeletik bi tantora geratu da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!