Julen Gabirondok Euskal Herriko seigarren txapela jantzi du

Ataria 2023ko uztailaren 22a

Bixente Mitxelenarekin berdindurik zegoen urnietarra, baina Zizurkilgo Nekolako zelaietan, berdinketa hori puskatu du. Jokin Etxeberria izan da bigarrena, Mikel Lizartza eta Oier Urkolaren aurretik.

Jende ugari elkartu da Zizurkilera gaur arratsaldean. 300 ikusle baina gehiago izan dituzte inguruan lau segalariek. Euskal Herriko Sega Txapelketa zegoen jokoan, eta faboritoa nagusitu da: Julen Gabirondo.

Hasieran, ordea, Jokin Etxeberria izan da saila botatzen lehena. Mikel Lizartza ere indartsu atera da, eta Bedaion bizi den amasarraren atzetik bera pasa da bigarren sailera. Julen Gabirondo ez zen urruti, baina hirugarren zihoan une horretan, beti ere sailen araberako sailkapenean. Honek ezer gutxirako balio du, azkenean kiloak pisatzen baitira. Hala eta guztiz ere, txapelketari emozioa eman dio hasiera horrek, Etxeberria oso ondo ikusten baitzen.

Bigarren sailean puntan bi segalari geratu dira, Gabirondo eta Etxeberria. Urnietarra ez zen erabat gustura ikusten, eta amasarrak erritmoari eusten jarraitzen zuen. Lizartza atzera geratzen hasi da une horretan, eta Oier Urkola laugarren zihoan, bere lana egiteko helburuarekin.

Hirugarren sailean gauzak aldatzen hasi dira. Gabirondo askeago ikusi da segan, eta aurrea hartu du. Etxeberria ez zen urruti. Alde hori pixkanaka-pixkanaka handitzen joan da txapelduna, ordubeteko epera iristen ari zirenean. Emozioak ere hor joan dira.

Epaileek bost txartel gorri atera dituzte. Txartel gorri batek 20 kiloko galera ekartzen du azken pisaketan. Oier Urkolak bi ikusi ditu; Jokin Etxeberriak beste bi eta Julen Gabirondok bakarra. Mikel Lizartzak ez du penalizaziorik izan.

Sari banaketa ekitaldian, Igor Duñabeitia Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentea, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea, Alatzne Etxaburua segalari ohia eta ezustekoa izan den Bixente Mitxelena izan dira.

Sailkapena

  1. Julen Gabirondo (Urnieta) 1.937,5 kilo.
  2. Jokin Etxeberria (Amasa/Bedaio) 1.720 kilo.
  3. Mikel Lizartza (Tolosa) 1.560 kilo.
  4. Oier Urkola (Anoeta) 1.400,5 kilo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!