Euskal Herriko Sega Txapelketara joateko deia egin dute

Ataria 2023ko uzt. 21a, 15:00

Larunbat honetan da hitzordua Zizurkilen, 18:00etan, Nekola zelaian. Julen Gabirondo, Jokin Etxeberria, Mikel Lizartza eta Oier Urkola ariko dira txapelaren lehian.

Euskadiko Herri Kirol Federazioko lehendakaria, Igor Duñabeitia; Zizurkilgo alkatea, Maite Amenabar; Zizurkilgo kirol zinegotzia, Xabat Oiartzabal eta finaleko lau segalariak atzo arratsaldean Nekola zelaian elkartu ziren. Erakundeetako ordezkariek elkarri eskerrak eman zizkieten, txapelketa Zizurkilen jokatzeko erraztasunak jartzeagatik. Herritarrak bertara gonbidatu zituzten, segalariak animatzera eta herri kirolak bultzatzera.

Aurkezpen ekitaldiaz gain, Gabirondo, Etxeberria, Lizartza eta Urkola biharko lehiarako sailak prestatzen aritu ziren, federazioko eta lagunen laguntzarekin.

Hainbat gauza garbi ikusi ziren atzokoan. Alde batetik, Gipuzkoako txapelketan baino kilo gutxiago bilduko dituzte larunbatean. Izan ere, belar gutxiago dago Nekolan. Euria egiten baldin badu, pisua zertxobait igoko da, baina hala eta guztiz ere, 5.000 kilora iristea zaila izango du irabazleak. Bestetik, ordubeteko lana amaitu aurretik sailik gabe gera daiteke segalariren bat, beraz, txukun moztea garrantzitsua izango da biharko hitzorduan.

Julen Gabirondo Gipuzkoako txapelduna eta Jokin Etxeberria aterako dira faborito bezala. Baina Mikel Lizartzarekin argi ibili beharko da, ez baita eremu txarra tolosarrarentzat. Oier Urkola anoetarrak bere lana egin eta ezustea eman nahiko du Zizurkilen.

Argi dagoena da, laurek eta euren biltzaileek, ikuskizun bikaina eskainiko dutela larunbat honetan, 18:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!