Gipuzkoako sega txapelketaren errebantxa, etzi

Ataria 2023ko uzt. 20a, 11:59

Euskal Herriko txapela izango dute jokoan lau segalarik larunbatean, 18:00etan, Zizurkilgo Nekola zelaian.

Julen Gabirondo izango dute aurkari uztailaren 22an eskualdeko hiru segalarik, Euskal Herriko Txapelketan. Gipuzkoako txapela urnietarrak irabazi zuen Asteasun, duela bi aste. Orain errebantxa nahi dute beste hirurek. Izan ere, Gipuzkoako txapelketan izan ziren lau segalariak ariko dira larunbatean Euskal Herrikoan, Zizurkilgo Nekola zelaian. Lehia 18:00etan hasiko da.

Gabirondori gogorren aurka egiteko faboritoa Jokin Etxeberria da. Bedaion bizi den amasarrak bigarren egin zuen Gipuzkoakoan. Urnietarrak ia 500 kiloko aldea atera zion, baina Etxeberriak ez zuen bere egunik onena izan: «Hasieratik hil edo bizi atera ginen biok, eta badakigu Gabirondoren fisikoa nolakoa den. Berak ondo eutsi zion eta nik betekada handi bat izan nuen. Kosta egin zitzaidan buelta ematea, eta horren eragina azken 20 minutuetan asko atzeman nuen».

Eroriz ikasten dela dio amasarrak, eta uztailaren 9koa ikasgai bezala hartzen du: «Gipuzkoako txapelketarekin alderatuta, estrategia edo, aldatu egingo dugu. Beti bezala aterako gara, topera, baina beste pentsamendu batekin joango gara».

2019an sega uztea erabaki zuen Etxeberriak. Aurten itzuli da, eta inoiz ez bezala prestatu dela dio: «Sei hilabete daramatzat gogor entrenatzen. Oso serio hartu dugu eta ondo sentitzen naiz. Gero ateratzen den edo ez ikusi behar». Belardiaren inguruan ez du zalantzarik Bedaion bizi den amasarrak. Tokia oso ona dela dio, «aitzakiarik gabea».

Oier Urkola anoetarra eta Mikel Lizartza tolosarra ezustekoa emateko prest joango dira Zizurkilera. Gipuzkoako txapelketan hirugarren eta laugarren geratu ziren. Gabirondok eta Etxeberriak alde handia atera zieten kiloetan, baina egun bakarreko lehian edozer gerta daitekeenez larunbatean dena ematera joango dira.

SEIGARRENAREN BILA

Gipuzkoako txapela irabaztea animo aldetik oso garrantzitsua izan zen Julen Gabirondorentzat, zalantza askorekin joan baitzen Asteasura: «Segan gutxi ibilita eta lesio batzuk pasata iritsi nintzen Gipuzkoakora. Jokin ere oso indartsu ikusten nuen; zalantza askorekin nengoen. Nere aldetik saioa oso ondo atera zitzaidan eta konfiantza asko eman zidan horrek».

Ohiko eran bost txapela lortu ditu urnietarrak Euskal Herrikoan. Larunbatean, seigarrena lortzeko, Jokin Etxeberria izango da bere aurkari nagusia, baina Urkola eta Lizartza ez ditu alboratu nahi Gabirondok: «Beti izaten dira ezustekoak». Etxeberriaren itzulera albiste ona dela dio, nahiz eta aurkari gogorra izan.

Larunbatean Gipuzkoako txapelketan bezala aterako da, hasieratik dena ematera joango da: «Lasaiago ateratzen saiatzen gara, baina unea iristen denean, momentuko tentsio horrekin, nahi gabe ere azkar joaten zara».

Lau segalariek ordubeteko lana izango dute aurretik. Ondoren biltzaileen esku egongo da lan hori kiloetara pasatzea. Euskadiko Herri Kirol Federaziotik herritarrak animatu eta bertara joatea eskatu diete, kirolariei eta herri kirolari babesa azaltzeko.

EUSKAL HERRIKO SEGA TXAPELKETA

Uztailak 22, larunbata

Lekua: Zizurkil, Nekola zelaian.

Ordua: 18:00etan.

Parte hartzaileak: Julen Gabirondo, Mikel Lizartza, Oier Urkola eta Jokin Etxeberria.

Lana: Ordubeteko sega saioaren ondoren nork kilo gehien bildu.

Antolatzailea: Euskadiko Herri Kirol Federazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!