Elkarrizketa

«Beste ostalaritza eredu bat praktikatu daitekeela uste dugu»

Jon Miranda Labaien 2023ko uzt. 19a, 07:59

Ezkerrean Uribarri, Plazaetxeberri jatetxearen atarian, lankide baten aldamenean

Asier Uribarri da Zizurkilgo Herriguneko Plazaetxeberriko kudeatzaile berria. Ostiralean zabaldu zituen ateak. Eñaut Elorrieta eta Ut taldeko kideak gonbidatu zituzten inauguraziora eta jatetxearen arduradunaren esanetan «giro berezia» sortu zen.

Plazaetxeberri jatetxe-taberna kudeatzeko lau urterako kontratua sinatu du Asier Uribarrik (Portugalete, 1971) Zizurkilgo Udalarekin. Esperientzia positiboa bada akordioa luzatzeko aukera izango du. Uribarrik bizitza proiektu berria hasi du eta bere etorkizuna Zizurkilgo Herrigunean irudikatzen du.

Nola izan zenuen Plazaetxeberriko ostalaritza aukeraren berri?

Nik Zizurkilen lagun handi bat dut eta hark esanda jakin nuen bazela aukera hau. Joan den abenduan komentatu zidan eta baldintzak erakargarriak izanik ere ez ginen orduan animatu. Duela pare bat hilabete aukera berriro komentatu zidan eta neska laguna eta biak gerturatu ginen hona. Tokia ikusi genuen eta itzela iruditu zitzaigun. Aurreko alkatearekin hitz egin eta kudeaketarako oso baldintza egokiak iruditu zitzaizkigun. Beraz animatu ginen eta bertara etorri gara bizitzera. Tabernaren goiko solairuan daukagu etxebizitza. Nire bikotekideak ez du lan egingo tabernan, baina dagoeneko erroldatu gara biak Zizurkilen.

Aurrez ezagutzen al zenuen Zizurkilgo Herrigunea?

Bai, zonaldea ezaguna genuen. Asteasura Otabardi aterpetxera etorri izan gara eta Gabon zahar bat baino gehiago pasa dugu Alkizan. Horrelakoetan Zizurkilera ogia erostera etortzen ginen Iriartera. Orain arte Bizkaiko Maruri-Jataben bizi izan gara eta guretzat aldaketa handia izango da. Han lehen sektorea desagertuta dago eta larreak abandonatuta daude. Okerrena da eukaliptoz landatuta dagoela guztia eta ingurunea txikituta daukatela. Hemen, aldiz, paisaia zainduago ikusten da. Oso pozik gaude.

Taberna-jatetxearen espazioa egokitu behar izan duzue zabaldu aurretik?

Bai. Lan handia egin dugu egunotan margotzen, garbitzen eta dena atontzen. Auzolanean aritu gara. Gu ezagutu gabe jendea laguntzera etorri zaigu eta hunkigarria izan da benetan. Hilabete honetan lanean egon den jende guztiaren argazkiak jarri ditugu hemen hormetan, jendeak ikusi dezan proiektu honen atzean zenbat jende dagoen.

Aurretik izan al duzu esperientziarik ostalaritzan?

Bai, jardun nuen ofizio honetan. 1994-1995 inguruan izan zen, Zierbenan erretegi bat neukan, eta aldi berean, beste taberna bat Portugaleten. Gaztea nintzen, 24 urterekin guztiarekin ahal duzula pentsatzen duzu, baina ikaragarrizko egurra hartu nuen. Hiru urte eman nituen ofizio honetan. Orain aldatuta dago mundu hau, berrikuntza asko dago, eta apurka-apurka ikasten ari naiz.

Zein alde positibo ikusten dizkiozu lokalari?

Indar handiko tokia dela nabari da. Harria eta egurra agerian daude. Eraikin sendoa da hau, 500 urte dituena. Jantokia izugarri polita da eta 50 pertsonarentzat tokia dago. Aukera asko ematen dituela iruditzen zait.

Zein zerbitzu eskainiko duzue Plazaetxeberrin hemendik aurrera?

Alde batetik ostalaritza zerbitzua dago; eguneko menua, menu bereziak eta enkarguzko afariak emateko asmoa dugu, eta gero, ostiral eta larunbat iluntzetan plater konbinatu eta hanburgesak. Baina horrez gain, gustatuko litzaiguke, eduki kultural bat ematea proiektu guztiari. Astero ez bada, hamabostean behin zuzeneko musika, liburu edo disko aurkezpenak, bertso eskola edo musika eskolakoen emanaldiak eskaini nahi genituzke. Sortu nahi genuke dinamika bat euskal kulturaren inguruan. Ez dugu, Plazaetxeberri, soilik, ostalaritza proiektu bat izatea nahi.

Herribizigunek egina du eraikinaren inguruko parte hartze prozesua. Haiekin arituko zarete elkarlanean?

Garrantzitsua da guretzat Herribizigunerekin elkarlana. Guk ere konpromisoa hartu dugu bertako baserritarren lehengaiak erabiltzeko. Gure filosofiarekin bat egiten du bertako ekoizleen produktuak erabiltzearena. Gure zutabeetako bat da.

Zer nolako taldea osatuko duzue?

Oraindik horretan ari gara. Ostalaritzan lanean aritzeko jendea topatzea ez da erraza. Toki honek eskatzen du euskararen ezagutza. Bezeroaren aurrean lan egiteko baldintza hori eskatzen dugu. Lauzpabost pertsona gaude eta beste bi beharko genituzke ganoraz lan egiteko. Norbaitek gurekin lan egiteko interesa balu gerturatzea baino ez du. Sukaldea, jantokia, barra, kanpoko terraza... jende asko behar da lanerako, eta aldi berean, ordutegiak denontzako erosoak izatea gustatuko litzaiguke. Ostalaritzak ez du ofizio esklaboa izan behar. Hona ez gatoz aberastera, guztiontzako soldata duinak lortzera baizik. Ordutegi duinarekin, bizitzarekin bateragarri den lanpostu bat eskaini nahi dugu. Beste ostalaritza eredu bat praktikatu daitekeela uste dugu eta horretan jarriko ditugu indarrak.

Atseden egunik izango al duzue?

Ikusteko dago, baina astean behin behintzat atseden hartu nahi genuke. Librantza eguna zein den ikusiko dugu, eta gure artean txandak egingo ditugu, hilean behin, gutxienez, gutako batek asteburuan deskantsatu dezan.

Noiz zabalduko duzue Plazaetxeberri?

Bihartik aurrera irekitzea espero dugu eta lehenengo menuak eskaintzen hasiko gara. Afari batzuk ere badauzkagu eskatuta, Villabonako Santio jaien hasierarako. Gure asmoa pixkana hastea da, xume-xume. Egiten duguna ondo egitea da intentzioa, kale egiten badugu hasieran, bezeroak ez baitzaizkigu berriz etorriko. Hastapenak garrantzitsuak dira, horregatik tentuz eta pretentsio handirik gabe egingo dugu bidea. handiak jarriak ditu jendeak gugan, bi urte egon baita jatetxea itxita. Itxuraz, aurrekoa ez zen esperientzia ona izan eta horregatik ardura pixka bat sentitzen dugu orain. Espero dugu huts ez egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!