Intxaur Pilota Txapelketari hasiera emango diote bihar

Ataria 2023ko uzt. 13a, 18:00

Amiano eta Txoperena, txapelketaren atariko partidan.

Atarikoak jokatu ondoren, final-laurdenetako partidekin hasiko dira, eta bihar eta etzi izango dira lehen bi jaialdiak.

Amaitu dira III. Intxaur Pilota Txapelketako atariko partidak, eta bihartik aurrera final-laurdenekin hasiko dira. Lau eta erdian jokatzen da txapelketa, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Aurreko larunbatean jokatutako partidetan, txapelketan aritzeko bi txartel banatu ziren. Gazteen mailan Rekaldek lortu zuen garaipena, Andoni Olasagastiren aurka, partida 22-15 irabazi eta gero. Elite mailan, Hegoi Txoperena eta Iker Amiano aritu ziren nor baino nor. 22-10eko emaitzarekin, Txoperenak lortu zuen Intxaur Pilota Txapelketan aritzeko txartela.

Txapelketa modu ofizialean bihar hasiko da final-laurdenekin. Lehen jardunaldia 19:00etan hasiko da eta gizonezkoen gazteen mailan, Egiguren eta Aranbarriren artean jokatuko dute partida. Emakumeen mailan Galeano eta Zabaleta lehiatuko dira eta, gizonezkoen elite mailan, Etxaniz eta Txoperena ariko dira nor baino nor. Etzi, larunbata, izango da bigarren jardunaldia, eta 11:00etan hasiko da. Hormaetxe eta Rekalde arituko dira gazteen mailan, Erasun eta Zabalaren artekoa izango da emakumeen mailako partida, eta Barbajero eta Alberdiren artekoa elite mailakoa.

Hirugarren jardunaldia uztailaren 21ean jokatuko da. Bertan, gazteen mailan Etxeberria eta Apaolaza lehiatuko dira elkarren aurka, emakumezkoetan Garai eta Etxegarai izango dira aurkariak, eta elite mailan Fernandez eta Murua. Laugarren jardunaldia uztailaren 22an izango da, eta gazteen mailan Perurena eta Amiano, emakumezkoetan Beitia eta Ruiz de Infante eta elitean Elola eta Alduntzinek jokatuko dute.

Behin final-laurdenak jokatuta, finalerdiak uztailaren 28an, 19:00etan, eta 29an, 11:00etan, jokatuko dira. Finalak abuztuaren 5ean, larunbata, izango dira jokoan eta jaialdia 17:00etan hasiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!