Divina elkarteak bere bosgarren urteurrena ospatu du Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2023ko uzt. 11a, 07:59

Joxe Arregi plazan ostiralean egin zuten urtemuga festa eta beste hainbat elkarteetako ordezkariak gonbidatu zituzten ekitaldira; Afrikako dantza, musika eta jakiak izan ziren 

Divina Gipuzkoako emakume nigeriarren elkarteak bere bosgarren urteurrena ospatu zuen joan den ostiralean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. 2018an bost emakumek abiatu zuten elkartearen ibilbidea eta 41 dira gaur egun. Donostian, Errenterian, Ordizian, Pasaian, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen bizi dira kideak eta bertan garatzen dituzte euren ekimen gehienak. Honaino iristeagatik «kontentu» agertu da Oghogho Nancy Orumwense elkarteko kidea. «Oso pozik gaude Gipuzkoako gizarteak onartu gaituelako eta aurrera jarraitzeko babesa eman digulako», gaineratu du Maria Isoken Giannik.

Beharra sumatu zutelako sortu zuten duela bost urte Divina elkartea. Orumwensek azaldu du, momentu horretan Nigeriatik migratutako emakumeen egoeran jarri nahi izan zutela arreta: «Arazo komunak identifikatu nahi genituen gero haiei soluziobidea jartzeko. Garrantzitsua iruditu zitzaigun elkarrekin maizago biltzea, gure egoera nola hobetu ikusi, babesa zein arlotan behar genuen aztertu, eta batez ere, zein esparrutan hazi gintezkeen jakiteko». Afrikako emakumeen talentuak ezagutzera emateak duen garrantziaz hitz egin du Giannik: «Sormen handiko emakumeak gara eta gure bizimodua erakutsi nahi diogu munduari. Ez gara hona etorri soilik beharragatik, badugu zer eskainia. Gure abilidadeak zabaldu nahi ditugu lau haizeetara».

Azken urteetan Nigerian sortutako emakumeez gain Afrikako beste hainbat herrialdeetakoak ere batu zaizkie Divina elkartera. «Guk bertako jendearen ikuspegia zabaldu nahi dugu jakin dezaten zer nolako kulturak ditugun gure kontinentean. Askok uste dute Afrika herrialde bat dela, eta askotan azaldu behar izaten diegu askotariko herrialdez osatutako kontinentea dela gurea, oso aberatsa», nabarmendu du Giannik.

AHALDUNTZEA BULTZATZEKO

Duela hiru urtetik hona era guztietako ikastaroak antolatzen dituzte Divina elkartetik, Orumwensek azpimarratu duenez, «emakumeen ahalduntzea bultzatzeko». Joskintza ikastaroak antolatu dituzte, irakurtzen eta idazten ikastekoak, eta baita dantza tradizionalen ingurukoak ere. «Integraziorako baliagarriak» diren saioak direla dio Orumwensek, eta nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundik babesa jasotzen dutela ekimen horiek guztiak aurrera ateratzeko.

Giannik esan du, ikastaroetan ezagutu duten jendeari esker euren harreman sareak estutu dituztela Gipuzkoako hainbat elkarterekin. Ostiralean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan gonbidatu gisa parte hartu zuten elkarte horietako zenbait ordezkarik. Besteak beste, Aiztondoko mugimendu feministako kideek lagundu zieten Divina elkartekoei urteurren festan. Dantza tradizionalak egin zituzten eta bertaratutakoek Afrikako jakiak dastatzeko aukera izan zuten. Gainera, inguratutako jendearen artean hainbat sari zozkatu zituzten.

Bosgarren urteurreneko ospakizunekin indarrak pilatu dituztela aipatu dute Oruwensek eta Giannik, «lanean gogor segitzeko». Nigeriako emakumeen talentuak ezagutzera emateko lanean jarraituko dutela hitz eman dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!