Euskalduntzea eta alfabetatzea laguntzeko deialdian erraztasun gehiago emango dituzte

Ataria 2023ko uzt. 3a, 11:57

EH Bilduk euskara erdigunean jartzeko konpromisoa hartu zuen bere programa politikoan, eta udal gobernura iritsita, irizpide hori jarraituz aldaketak onartu ditu deialdian.

Zizurkilgo Udalak euskalduntze eta alfabetatzean aurrera pauso bat emateko asmoz, aurten diru laguntzak banatzeko deialdian zenbait aldaketa onartu ditu. UEMAko eta Tolosaldeko Euskara Mahaiko kide da Zizurkilgo Udala eta eskualde mailan diru laguntzak emateko garaian irizpide berdintsuak sustatzeko ahaleginaren ondorioz onartu du deialdia. Gainera udal talde berriak bere programa politikoan euskara jarri zuen erdigunean, eta aipatu duenez, irizpide hori jarraituz onartu du euskalduntze eta alfabetatzeko diru laguntza deialdia.

Zizurkilen erroldatuta daudenek, euskaltegi edo barnetegiaren ziurtagiria dutenek, ikastaroaren gutxieneko aprobetxamendua eta gutxienez %85eko asistentzia frogatzen dutenek izango dute diru laguntza eskatzeko aukera, uztailaren 31ra arte.

Hauek dira deialdiaren ezaugarri nagusiak:

  • Zizurkilgo Udalak B2rainoko mailara arte doakotasuna bultzatu nahi du.
  • Zizurkilgo Udalak HABEren diru laguntza jasotzeko aukerarik ez duten ikasle guztiei emango die laguntza.
  • C 1 eta C2 mailako ikasleei ere diru laguntza emango zaie: matrikularen %75a ordainduko zaie, gehienez 650 eurotako diru laguntza izango delarik.
  • Babesgabetasun egoeratan dauden eta euskara ikasi nahi duten herritarrek udalaren diru laguntza aurrez jasotzeko aukera izango dute.

Era berean, herriko taberna eta komertzioetan euskarazko errotuluak jartzeagatik diru laguntzak emateko deialdia onartu du Zizurkilgo Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!