Euskal Herriko Sega Txapelketa jokatuko dute uztailaren 22an Zizurkilen

Ataria 2023ko ekainaren 29a

Joseba Ostolaza, ezkerrean, Igor Duñabeitia, erdian, eta Joxe Anjel Sarasola. A. IMAZ

Atzo izan ziren Euskadiko eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko kideak belardiak ikusten eta data eta lekua finkatu dituzte.

Euskadiko Herri Kirol Federazioko Igor Duñabeitia lehendakaria eta Gipuzkoako federazioko kide den Joseba Ostolaza izan ziren atzo, Zizurkilen, belardiak ikusten Euskal Herriko Sega Txapelketa bertan egin ote daitekeen erabakitzeko. «Gune oso polita da, belardi freskoarekin, leuna. Zelaiak erreka du alde bietan eta belardia fresko samar egotea ahalbidetzen du. Ikusleak etortzeko kotxea non utzi izango dute gainera», esan zuen Joseba Ostolazak Ataria Irratia-n. Belardiak eta inguruak behar bezalako ezaugarriak dituztela ikusita beraz, bertan jokatuko dute Euskal Herriko Sega Txapelketa uztailaren 22an, 18:00etatik aurrera. Gipuzkoako txapelketa uztailaren 9an jokatuko dute Asteasuko Bulano baserrian.

Lan eskerga

Ostolazarekin batera Igor Duñabeitia Euskadiko Herri Kirol Federazioko lehendakaria gerturatu zen Ataria Irratia-ra, eta bertan federazioak urte guztian egiten duen lanaren berri eman zuen. «18 diziplina ditugu guztira. Modalitate asko izaten dira herri kiroletan eta datak lotu behar izaten dira, txapelketak baitaude guztietan». Gogoratu zuen, era berean, selekzioa ere badagoela, sokatirakoa hain zuzen, eta iraileko lehen asteburuan izaten dela txapelketa. «Euskal selekzioa dugu sokatiran bai lurrean eta bai goman, udan egiten da lurra. Gainera hamabostean behin egiten ditugu pisuaren araberako txapelketa desberdinak. Mundialera euskal selekzio bezala gure ikurra eta nortasuna munduan zehar zabaltzea oso garrantzitsua da», esan zuen.

Txapelketa guztien atzealdean dagoen «sukaldeko lan handia» nabarmendu zuen, laguntzaile asko izaten dituztela gaineratuz. «Urtean zehar Euskadi bakarrik kontuan hartuta 43-46 txapelketa antolatzen ditugu. Egin kontu zenbat asteburu dituen urteak eta zenbatetan dugun txapelketaren bat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!