Elkarrizketa

«Garai haietan etxean ez zegoen ondo ikusia korrika ibiltzea»

Unai Ugartemendia 2023ko eka. 28a, 11:59

80ko hamarkadan hiru aldiz irabazi zuen Behobia-Donostia lasterketa eta errekor asko ere ezarriak ditu hainbat menditan Juan Mari Garin Zizurkilgo korrikalari ohiak; mendia beti izan du gustuko, eta gaur egun ere, ahal duen guztietan joaten da.

Laurogeigarren hamarraldiko korrikalaririk esanguratsuenetako bat izan zen Juan Mari Garin (Zizurkil, 1958). Errepidean hasi zen korrika zizurkildarra, eta hiru Behobia-Donostia lasterketa ere irabazitakoa da. Mendi lasterketen mundua ezagutzeko aukera ere izan zuen bere kirol ibilbideko azken urteetan. Bere garaian bi modalitateetan ezarritako marka askok berean dihardute geroztik.

Lanetik erretiroa hartuta dago azken urteetan Garin. Osasun arazo txiki bat medio, korrika egiteari utzi behar izan zion orain urte batzuk. Oraindik ere korrikako harra barruan sartuta dauka.

Lehen korrika saioak noiz egin zenituen oroitzen al zara?

Oker ez banago, oso umetan izango zen. Baserritik herriko eskolara bi kilometro genituen, eta egunean pare bat aldiz egin behar izaten genuen joan-etorria. Konturatzerako zortzi kilometro egiten genituen eguna amaitzerako! Egun guztia korrika pasatzen genuen. Gurasoak siestara noiz sartuko zain egoten ginen edozer gauzetan jolasteko! Orduan, astelehenetan, Tolosan ganadu feria izaten zen, eta astelehen haiek gehiago aprobetxatzen genituen.

Noiz hartu zenuen serio korrika hastearena?

Hamasei urterekin edo hasiko nintzen. Etxean lau anaia ginen, eta ordurako, Pello anaia gaztea ere jada hasita zegoen korrika. Mieltxo anaia zaharrena ere aritzen zen korrika, eta punta-puntakoa izan zen jubenil mailan. Baina orduan ez zeuden gaur egun dauden laguntzak, eta lanean hasi behar izan zuen korrika egitetik utzita. Gu, garai haietan, ezkutuan bezala ibiltzen ginen ilunpetan. Izugarri gustatzen zitzaigulako ibiltzen ginen korrika, ez inork behartzen gintuelako. Gaitasuna genuela ikusten genuen, eta horrek ere gehiago entrenatzera bultzatzen gintuen. Ia berrogeita hamar urte joan zaizkit honetan.

Zaletasun handia omen zenuen oso gaztetatik.

Bai, handia. Anaia zaharrena ikusi nuen lehen aldiz korrika. Hura ikustearekin batera piztu zitzaidan niri ere harra. Berak ibiltzen zituen oinetakoak, hiltzezko oinetako haiek… Niri ere haiek probatzeko gogoa sartzen zitzaidan! Orduan gure entrenamendu gehienak mendi inguruan izaten ziren, ez genuen pistara joateko denbora askorik izaten. Oso egun gutxitan huts egiten genuen. Irrika handia genuen korrikarako, baina etxekoekin beti liskarrak izaten genituen. Garai haietan ez zegoen ondo ikusia etxean korrika ibiltzea. Aitak askotan esaten zigun; baserrian ez al dago nahiko lan zuek korrika ibiltzeko?

Ze entrenamendu mota egiten zenituzten orduan?

Hamazazpi urte nituenean, lanetik ateratzen nintzenean, astean behin edo bitan, Tolosara etortzen nintzen serieak egitera. Orduan ezagutu nuen Antonio Biurrun. Entrenatzailea zen bera, eta entrenamenduekin berak lagunduko zidala aipatu zidan. Aste guztiko entrenamenduak izaten ziren. Askotan, eta denboraren arabera, ezin izaten genuen berak agindutakoa bete. Gero, hogeita hiru urterekin edo, Eugenio Hernandez-Galan entrenatzaile famatuarekin hasi nintzen. Talde handia biltzen ginen haren inguruan. Denetik egiten genuen; serieak, korrika saio luzeak, mendian aldapak…

Hiru aldiz ere irabazi zenuen Behobia-Donostia lasterketa laurogeigarren hamarraldian, lehena 22 urterekin.

Atzo irabazi banu bezala oroitzen dut garai hura! Orduan ez zuen Behobiak gaur daukan fama, baina halere korrikalari onenak bertan izaten ziren. Hiru aldiz irabazteko aukera izan nuen, eta oso pozik nago lortutako denborekin.

Errepideko lasterketak alboratu ondoren, mendi lasterketak ere probatu zenituen. Zegama-Aizkorriko lehen edizioetan ere parte hartutakoa zara.

Bai, hala izan zen. Lehen edizio hartako beroaz ederki gogoratzen naiz. 2002ko San Fermin egunez jokatu zen. Lasterketa hura irabazteko mentalitate osoarekin irten nintzen. Beti puntan ibiltzen ginen, eta horrelakoetan irabaztean bakarrik pentsatzen da. Ordura arte mendi lasterketa batzuk jokatutakoa nintzen, baina ez ziren distantzia luzeak izan. Inoiz probatu gabea nintzen mendian maratoi distantzia.

Ze oroitzapen utzi zizun lasterketa hark?

Orduan oso ohituta geunden 35 kilometro entrenatzera, edo bi ordu eta erdian korrika ibiltzera. Baina Zegama-Aizkorri beste kontu bat zen. Aizkorrin (22. kilometroa), hiru minutu ateratzen nizkion bigarren sailkatuari, baina gailurreri hura zeharkatzen ez geunden ohituta. Orduan ez geunden jatera eta edatera ohituta. Konturatzerako izugarrizko txakalaldia izan nuen. Handik aurrera, sufrikario bat izan zen hura! Helmugan hirugarren sailkatu nintzen 4 ordurekin eta 22 minuturekin.

Mendi lasterketetan hasterako, errekor asko ezarri zenituen mendi ezberdinetan.

Bai, orduan oso ohikoak ziren horrelako erronkak. Nik, esaterako, hamazazpi urterekin edo, Zizurkilgo plazatik Belkoaineko tontorrera egindako hura daukat gogoan. Aurretik, ordubetean egingo ote nuen edo ez pentsatzen nuen, baina egunean bertan 31 minututan osatu nuen erronka. Gaur egun gustura ikusiko nukeen saiakeraren bat! Errekor gehiago ere ezarri nituen, baina, orduan, mendiko errekorrei ez zitzaien gaur egun duten garrantzia ematen.

Askotan aipatu izan duzun esaera da, «gure garaian gaur egun jokatzen diren mendi lasterketa kopurua harrapatu izan bagenu…».

Bai, hala sentitzen dut. Gure entrenamenduetako eremu nagusia mendia izaten zen. Nire lekua hura zela sentitzen dut. Pentsa, nire indarra krosean zegoen. Lau aldiz irabazi nuen Euskal Herriko kros txapelketa. Orduan oso ohituta geunden mendi inguruan korrika ibiltzen.

Gaur egun, Ander semea ere bikain ari da korrika. Askotan aipatzen al dizkiozu zuen garaiko markak edo errekorrak?

Ez. Inoiz ez zait gustatu garaiak alderatzea. Geuk geurea egin genuen, eta oraingoak beste garai batzuk dira. Asko gozatzen dut semea korrika ikusita, eta ilusio handia egingo lidake benetan nire marka guztiak jaitsiko balitu. Bera baino gehiago poztuko nintzateke ni!

Gaur egun ez duzu korrikarik egiten, baina ez omen zara geldirik egoten.

Ez, oraindik ere, eta ahal dudan guztietan, goizeko 10:00etan abiatu, eta ordu pare batez ibiltzera joaten naiz. Mendia beti izan dut gustuko, eta oraindik ere askotan hara joaten naiz.

Faltan botatzen duzu korrika ibiltzea?

Gorputzean korrikarako harra sartuta izan dugunak, beti botako dugu faltan korrika aritzea. Halere, bere garaian onartu nuen orain bizimodu lasaiagoa egitea tokatzen zitzaidala. Tarteka gustatuko litzaidake korrika txikian behintzat zerbait ibiltzea. Bizi guztia korrika pasa dugunontzat aspergarria egiten da oinez bakarrik ibiltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!