Eraikin zaharra bota eta etxebizitza berriak egingo dituzte Aurreran

Ataria 2023ko eka. 15a, 07:58

Enpresa eraikitzailea baimen berezi batzuk noiz eskuratuko zain dago lanei ekiteko; Zizurkilgo Udalak ingurune guztia berrurbanizatu eta egokituko du.

Amaitu dituzte Zizurkilen Aurrera eraikina botatzeko lanak. Maiatzaren 11n hasi ziren eraiste lanak eta dagoneko hutsik ageri da orubea. Urtetan taberna egon da eraikinaren bebarruan eta 2010ean itxi zuten betirako. Eraikina hondamendi egoeran zegoen eta horregatik erabaki dute eraistea.

Garai bateko Aurrerako eraikinaren tokian etxebizitza proiektua dago aurreikusita. 14 etxebizitza egingo dituzte bertan, salmenta librekoak. Bi eta hiru logelako etxebizitzak izango direla jakinarazi dute eta etxabean baju komertzialak egingo dituztela. Udalak 80 metro karratuko etxabea jasoko du ekipamendurako eta sotoan, berriz, autoentzat aparkalekuak egingo dituzte. Jakinarazi dutenez, eraikuntza lanak hasteko epea ez dago oraindik zehaztuta. Uholde arriskuko zonaldean dago orubea eta Ur Agentziaren baimen berezia behar dute eraiki ahal izateko. Adierazi dutenez, tramitazio bidean da baimena. Aldi berean, Adif-ek trenbidearen gertutasuna dela eta, baimena eman behar du eraikin berria egiteko. Bigarren baimen hori ere tramitazio bidean dagoela esan dute udaletik. Bi baimen berezi horien zain dago enpresa eraikitzailea, lanei ekin ahal izateko.

Eraikinari lotuta, inguruaren urbanizazio lanak ere egingo dituzte. Etxebizitza berrien inguruan ez ezik, zonalde osoan ere egingo dira lanak. Alde batetik, Aurrera plazako garajeetarako sarrera balio gabe geratuko da. «Oso aldapatsua da eta irtenbide berria emango zaio. Eraikin berritik egingo zaie sarrera garaje guztiei», esan dute udal ordezkariek. Gaur egun, garajeetako sarrera dagoen gune horretan oinezkoentzat pasabide zabala egingo dute, eta modu horretara, tren geltokitik datozen oinezkoek zebra bidea izango dute, Aurrera plaza aldera segurtasunez gurutzatu ahal izateko. «Plazak zabalera irabaziko du pasabidea irekita eta oinezkoen joan-etorria ere handiagoa izango da», adierazi dute udaletik.

Zizurkilgo Geltoki kalean, espaloi bakarra dago gaur egun errekaren alboan. Lanak amaitutakoan, ziurtatu dutenez, trenbide aldetik ere espaloia egingo dute, beti ere, oinezkoen segurtasuna bermatzeko: «Erreka ertzeko pasealekua ere berrurbanizatu egingo dugu, lurzoru berria jarriz eta inguru guztia txukunduz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!