Ipuinak nahastu eta berriak sortu

Jon Miranda Labaien 2023ko eka. 6a, 07:59

Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian, motxila ibiltariko misioari jarraituz, familiek osatutako ipuinetako pertsonaiekin erakusketa zabaldu dute

Motxila ibiltaria ekimenaren barruan azken hiruhilekoan Plazida Otaño liburutegiko familia erabiltzaileek misio bat bete behar izan dute: komuneko paperaren biribilkiak erabilita ipuinetako pertsonaiak sortu. 50 familia baino gehiagok hartu du parte erronka honetan, eta era guztietako pertsonaiak eraman dituzte liburutegira. Ekainaren 10era arte ikusgai izango dira Txiki Txokoan eta bertaratzen diren umeek, pertsonaia hauek nahastuz ipuin berriak sortu ahal izango dituzte.

Arrakasta «handia» izan du proposamenak Irene Urruzola liburuzainaren esanetan. «Pertsonaia batzuk errepikatu egin dira, Txanogorritxu, Pinotxo edota hiru txerritxoak, adibidez. Guk pertsonaia horiek testuinguratzeko paisaiak sortu ditugu Txiki Txokoko apaletan». Pertsonaia hauek agertzen diren ipuinak ere jarri dituzte ikusgai goiko apaletan umeek irakurri ditzaten erakusketak irauten duen bitartean

IRUDIMENA BULTZATU

Erakusketara gerturatzen denak egunero zerbait ezberdina topatuko duela aipatu du Urruzolak. «Gure asmoa irudimena bultzatzea da, eta pertsonaiak nahastuz ipuin berriak sortzea. Ipuin barregarriak, beldurgarriak edota disparate berriak sortzeko aukera eman nahi diegu umeei». Erakusketak iraun duen lehen astean, besteak beste, honako ipuin berriak sortu dituzte umeek: Txanogorritxo eta Printze Txikia: amodiozko istorioa; Tartalo surflari; Edurne Zurik irakurtzea gustuko du; edota Potterpig.

Sortutako ipuin berriak erretratatuta geratuko dira Txiki Txokoaren sarreran, liburuzainek ateratako argazkien bitartez. Ekainaren 10era arte, erakusketa bisitatu eta jolasteko aukera izango da Plazida Otañon.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!