Lana, gertutasuna eta zintzotasuna hitz eman ditu Amenabarrek

Ataria 2023ko mai. 26a, 20:53

Kanpaina amaierako ekitaldia egin du Zizurkilgo EH Bilduk Joxe Arregi plazan; Maite Amenabar alkategaiak iganderako babesa eskatu die herritarrei; ekitaldian izan da Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidea.

Zizurkilgo EH Bilduk ekitaldia egin du Joxe Arregi plazan hauteskunde kanpainako azken egunean. EH Bilduren zerrenda osatzen duten 11 herritarrak egon dira bertan, Maite Amenabar alkategaia buru dutela; Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidea ere bertaratu da ekitaldira. Bertsolari eta musikarien laguntzarekin osatu dute kanpaina amaierako mitina, eta ondoren, jan-edanak izan dira bertaratutakoentzat.

Amenabarrek esan du alkateorde gisa eman dituen zortzi urteak udala ezagutzeko balio izan diotela. Bere hitzartzean "titular handietan ez dauden" gai batzuk aipatu nahi izan ditu alkategaiak eta nabarmendu du alderdi guztiak ez direla berdinak, alderdi guztiek ez dutela berdin gobernatzen: "Ez da berdin UEMAn egon edo ez, ez da berdin euskara lehenesteko politikak garatu edo gaztelania baztertuta dagoela salatzen duen zinegotzi sozialistak agindu; ez da herriko eragileekin lan egingo duten udal ordezkariak izan edo ez; ekimen bakoitzari perspektiba feminista ezartzea edo ez". Landa garapena edo giza eskubideen gaiak aipatu ditu Amenabarrek eta esan du EH Bilduk aurkezten duen zerrendan doazen herritarrak lan boluntarioa egiteko prest daudela, udalean sartu aurretik ere egiten zuten bezala. "Ez da berdin herria sentitzen dugulakok zerrendan joateari baiezkoa ematea edo alderdiak bidalitako kanpoko pertsonak izatea. Alderdiaren soldatapean jubilatu eta hori bermatzeko edozein herritan alkategai aurkeztu behar duenik ez dago gure hautagaitzan".

Proiektu zehatzak ere aipatu ditu EH Bilduko hautagaiak kanpaina amaierako ekitaldian: Bulandegi bidea eraberritzea, Plazaetxeberri eraikina hornitzea, kirolgune berriaren egitasmoa, hirigintza arauen berrikuspena, energia komunitateak sortzea edota zaintzaren inguruko gogoeta egitea. Herri programa "sakona" osatu dutela esan du Amenabarrek. "Badakigu nora joan nahi dugun baina baita nondik gatozen ere". Lana, gertutasuna eta zintzotasuna euren proiektuaren oinarri direla esan du alkategaiak. "Entzuteko prest izango nauzue, bulegoko ateak irekita. Ez dugu beti asmatzen, ez dugu beti asmatuko, baina guk poltsikoan ez dugu gurea ez den ezer; gure ate birakariak aurreko lanpostura itzultzea edo langabezia dira".

Zizurkilek 12 urte atzera ezin dituela egin esanez amaitu du bere hitzaldia Amenabarrek eta EH Bilduren aldeko botoa eskatu die herritarrei.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!