Piktogramen lanketa egin dute, Gautenarekin lankidetzan

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 24a, 19:59

Herriko ikastetxeekin batera egin dute lanketa Zizurkilen eta maiatzaren 29ko astean lan horren emaitza osoa aurkeztu eta piktogramak jarriko dira herriko eraikin publikoetan. Ekainaren 2an aitortza ekitaldi bat egingo dute parte hartu duten eragile guztiei eskerrak emateko.

Inklusioari eskaini diote aurtengo Maiatza Saltsan Zizurkilen. Gaitasun, sentsibilitate eta jatorri ezberdinetako herritarrak aintzat hartu eta herrian "eroso eta goxo" senti daitezen lan egin dutela aipatu du Maite Amenabar alkateordeak. "Guztion artean egiten dugu Zizurkil, guztiok gara Zizurkil". Gaitasun kognitibo ezberdina duten pertsonak kontuan hartu eta haien bizitza errazago egiteko eraikin publikoetan piktogramak jartzeko erronkari heldu dio Zizurkilgo Udalak. Lanketa Gautenarekin batera egin du eta Pedro Mari Otaño herri eskolak eta Zubimusu ikastolak hartu dute parte prozesuan.

Ikastetxeetako irakasleek formakuntza jaso eta hilabeteak eman dituzte lanketa egiten. Familiei zuzendutako hitzaldi bat ere eskaini zuen Gautenak joan den maiatzaren 4an, Amenabarrek azpimarratu duenez, inklusioaren gaia lantzeko ikastetxea eta familia zutabe "behar-beharrezkoak" baitira. "Oso bide aberatsa izan da elkarlanean egin duguna; oso gogotsu hartu dute ikastetxeek ekimena eta buru-belarri eutsi diote gaiari".

Ikasleek piktogramak landu dituzte gaitasun ezberdinak dituzten herrikideei euren bizimodua erraztu eta laguntzeko asmoz. Piktogramak lantzeaz gain, gaiarekiko sentsibilitatea eta ulermena ere areagotu dute. Gautenako arduradun Jimmy Brosak eskerrak eman ditu gaia lantzeko elkarteari Zizurkilen eman zaion aukeragatik. "Ikusi ahal izan dugu zenbateko garrantzia duen pertsonek irisgarritasuna edukitzea. Piktogramak tresnak baino ez dira, interesgarriena prozesua da. Polita izan da. Eskoletan lanketa egin dugu haurrekin eta harrera oso ona izan dugu eta familien bitartez herri osora zabaldu dugu gaia", adierazi du Brosak.

Zizurkilek Oinherri herri hezitzaileen sarean parte hartzen du eta bertako arduradun Maite Azpiazuk azpimarratu duenez, herri hezitzaileen filosofian sakontzeko aukera paregabea ikusi dute piktogramen lanketarekin. "Herritar ororen ulergarritasuna eta irisgarritasuna bermatu nahi da herrian. Guretzako interesgarria da irakurketa-idazketa prozesua egin gabe daukaten haurrentzat ere. Beti esaten dugun bezala zaurgarrienaren neurrira egiten den egitasmo batek lagunduko digu, ikuspuntu guztietatik, herri hobeago bat egiten". 

Eraikin publikoetan piktogramak izango ditu Zizurkilen hemendik aurrera, baina gauza gehiago lortuko ditu Azpiazuren hitzetan, lanketa egin den moduagatik: "Herriko erakundeen arteko elkarlana sustatzeko balio izan du prozesuak eta haurren parte hartzea bultzatu da; umeek eraikin publikoen inguruan duten ezagutzan sakondu eta inklusioaren gaian ere sentsibilizazioa eta kontzientziazioa areagotu da".

Maiatzaren 29an herriko ikasleek hilabeteotan egindako lanaren emaitza aurkeztuko diote Iker Urruzola alkateari eta ondoren piktogramak jarriko dituzten eraikin publikoetan: liburutegian, kultur etxean edota udal bulegoetan, esate baterako. "Ondorioz, Zizurkil inklusiboagoa izango da aurrerantzean", esan du alkateak. Urruzolak eskerrak eman dizkie parte hartu duten eragile guztiei lan hau egiteagatik. "Guretzako keinu txiki bat da, gaitasun kognitibo ezberdina dutenentzat irudikapen fisiko bat besterik ez da. Honekin ez da hasi eta bukatzen prozesua, parte bat baino ez da. Heziketa da garrantzitsuena eta gai hauek azaleratu eta bide honetan landu behar dugu herria".

"Pozgarritzat" hartu dute egin den lanketa guztia eta horregatik aitortza ekitaldi bat antolatu du udalak Joxe Arregi plazan ekainaren 2an. Modu horretara amaitutzat emango dute inklusioari eskainitako Maiatza Saltsan ekimena, nahiz eta prozesuak jarraituko duen. Bizipozako ordezkariekin batera, herrian dauden eragile ezberdinei txalo zaparrada bat eskainiko zaie 18:00etatik aurrera, "herrian egiten duten lanagatik eta herriko parte izategatik". Amenabarrek iragarri duenez, sorpresaz beteriko ekitaldia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!