ELKARRIZKETA

«Zaila ikusten dut akordioa EH Bildurekin, eta ez hainbeste EAJrekin»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 10a, 11:00

Lasarteko Michelinen egiten du lan Joxean Sanchez Almarazek (Zizurkil, 1971), UGT sindikatuan dabil eta zortzi urte daramatza Zizurkilen zinegotzi.

Argudiatu du euskara ikasteko orain arte denbora gutxi izan duela, baina udal gobernura iritsiko balitz buru belarri murgilduko litzatekeela euskara ikasten. "Herritarrek udal ordezkariekin euren hizkuntzan hitz egiteko eskubidea dute". Oraingo honetan, gaztelaniaz erantzun die galderei.

Zein talde aurkezten du Zizurkilgo PSE-EEk udal hauteskundeetara?

Guretzako garrantzitsua zen hautagaitza Zizurkilgo herritarrek osatua izatea. Lortu dugula esan daiteke, pertsona bat izan ezik gainerakoak hemen bizi baikara. Oso pozik gaude osatu dugun zerrendarekin, duela gutxi arte, jendeak ez zuen abertzale ez den alderdi batekin lerratu nahi izaten, publikoki behintzat. 

Hirugarren aldia da alkategai aurkezten zarela. Zergatik erabaki duzu errepikatzea?

Villabona-Zizurkilgo talde sozialistatik jasotzen dudan babesagatik eman dut pausoa. Bizilagunek ere animatu naute jarraitzera. 

Nola aurkeztuko zenuke zure burua?

Proiektu batekiko konpromisoa hartzen dudanean, bete betean murgiltzen naiz. Nire onena ematen saiatzen naiz, bai lanean, sindikatuan edota alderdian. Parte naizen komunitatearekin bat egin nahi izaten dut. P.M. Otaño ikastetxeko guraso elkarteko kide izan naiz, esate baterako. Udalean ere pausoa eman dudanez, baldintza guztiekin eman nahi dut. 

Azkeneko legealdiaren inguruko zein balantze egiten duzu?

Balantze nahikoa ezkorra da. Ez dugu oso harreman erraza izan udal gobernuarekin. Hasieran bide onean gindoazela zirudien baina hitz hutsetan geratu da guztia. Aurreko legealdian udal aurrekontua babestu genuen gure proposamen batzuk onartu zituztelako. Hondakinen bilketa sisteman, nahiz eta gu bosgarren edukiontziaren aldekoak izan, lortu genuen adostasun bat. Baina bide horrek ez du segida izan legealdi honetan. Pena izan da. EH Bilduk izan duen gehiengo absolutuarekin erabakiak hartu ditu oposizioarekin kontsultatu gabe. Itxurak eman nahi ditu kontuan hartu gaituztela, baina egiatan ez da horrela izan. Argazkirako nahi gaituzte bakarrik? Oposizioarekin lanean ari direla saltzeko? Bada horretarako ez gaituzte edukiko. Guk oposizio eraikitzailea egin nahi dugu eta norabide horretan ez dugu ekarpen esanguratsurik egin ahal izan proiektuetan, ezta orain Bulandegi bidean egiten ari diren honetan ere. Gutxietsita sentitu gara. Elkarrizketarako biderik ez du egin udal gobernuak. 

Pandemiak zein eragin izan du udal kudeaketan?

Konplexua izan da. Ezezaguna den egoera bati aurre egin behar izan diogu. Larrialdi egoera abiatu zenean, mahai bat eratu zen eta nahikoa ondo funtzionatu zuen. Gero ezerezean geratu zen. Baliabide ekonomikoa ekarri die pandemiak biztanleei, erakundeei ere suposatu die gaitasun ekonomikoan gainbehera bat, eta zer esanik ez merkatari eta ostalariei. Zorionez egoerari buelta bat eman ahal izan zaio, beste erakundeetatik etorri diren laguntzei esker. 

Eta zer moduz moldatu zarate oposizioko beste alderdiarekin, EAJrekin?

Momentu batzuetan proposamen batzuk egin ditugu elkarrekin. Gauza dezentetan bat egin dugu. Geure diferentziak ere baditugu, bai EAJrekin baita EH Bildurekin ere, guk identitariotzat hartzen ditugun kontuetan. Iruditzen zaigu udal politikarako ez direla lehentasunezko gaiak, guretzako lehentasunezkoak herritarrak dira. 

Adostasuna baduzue alderdi guztiek saihesbidea eskatzerako orduan.

Bai. Nabarmena da arazo larria dugula trafikoarekin Zizurkilen. Ibilgailu asko igarotzen dira hemendik. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilerak egin izan ditugu eta haiek ez dute oraingoz lehentasunezkoa ikusten. Baina guretzako funtsezkoa da, herritarren bizi kalitatea hobetzeko gakoa da saihesbidea eta segurtasunean irabaziko dugu. Zizurkildarren beharrei erantzuteko eskatzen diogu aldundiari eta egin dezala hainbeste urtetan atzeratu den saihesbidearen proiektua. 

Elbarrenan kirol gune bat egoki ikusten al duzue? 

Bai. Kokalekua da egoki ikusten ez duguna. Hasiera batean Bulandegiko behebarru batzuetan egitea proposatu zuen udal gobernuak. Salgai zeuden lokal horiekiko interesa agertua zuten aurretik inguruko bizilagunek, han garajeak eta trastelekuak jartzeko. Eta derrepentean udala agertu da lokal horiekiko interesa agertzen. Gaizki iruditzen zaigu horrela jokatu izana, bizilagunak kontuan hartu gabe. Bestalde, hori bera ere ez zitzaigun toki egokia iruditzen, aparkaleku falta dagoelako besteak beste. Beste leku batzuk iruditzen zaizkigu aproposagoak. P.M. Otaño herri eskolako eremuaren barrua defendatzen dugu guk. Frontoia badago eta beste zati bat prestatu daiteke beste kirol batzuk praktikatu ahal izateko. Gainera eskolatik egindako eskaera hori bete ahal izango genuke, haiek frontoia estali nahian aspalditik dabiltzalako. Horrekin guztiarekin, eskaera bat baino gehiago konplitu eta merkeago aterako zaio udalari. 

Alkatetzara iritsiko bazina zein proiekturi helduko zenioke berehala?

Etxebizitza da gure lehentasunetako bat. Urteak dira ez direla etxebizitza berriak egiten. Herrigunean zazpi etxebizitza berri egingo dituzte. Ez dira nahikoa ordea. Nahi duguna da gazteak hemen geratzea. Alokairurako etxebizitzak garesti dira eta gustatuko litzaiguke etxebizitza eskaintza publiko bat bermatzea. Horretarako Danena futbol zelaiaren atzealdeko eremua dago. Aproposa da horretarako, baina aurrez uholde arriskuko zonaldea denez, Asteasu errekan esku-hartze bat egin beharko litzateke. Aurreikusitako lan batzuk dira oraindik egin ez direnak. 

Beste eremu aproposik ikusten al duzue?

Area15 deituriko horretan badugu beste etxebizitza proiektu bat garatzeko aukera, baina konplexuagoa da gaia. Industrialde horretan geroz eta aktibitate gutxiago dago, nahiz eta oraindik mantentzen den zeozer. Bilatu beharko litzateke lekuren bat poligono hori birkokatzeko, horrela hutsik geratzen den zonalde hori urbanizatu genezake.

Plazaetxeberriren azpiegitura nola ikusten duzu?

Udalak erosi zuen Zizurkilgo Herriguneko jendeak toki gehiago izan zezan ekimenak egiteko. Ostalaritza jarduerarako aukera ere ematen du, baina hasiera batean martxan jarritako egitasmoak ez du aurrera egin. Pleguak moldatu beharko liratekeela uste dugu. Eraikinaren gainerako zatiei dagokionez, egokitzapenak egin beharko genituzke. Dena den, uste dut udalak ez duela argi zer egin nahi duen hor. Inbertsioa egin bai, baina ez dut uste azpiegitura hori aprobetxatzen ari garenik Herriguneko bizilagunentzat. 

Beste auzoren batean beharrak sumatzen al dituzue?

Akezko eta Ihartza auzoetan esku-hartze txikiak egin dira orain arte baina egokitzapenei heldu behar zaie dagoeneko. Akezko iruditzen zait Zizurkilgo auzorik ahaztuena. Ekin egin behar zaio zonalde horretan ere. Ongi dago erdigunean arreta jartzea baino periferiako auzoak ere kontuan hartu behar ditugu. 

Zein proposamen gehiago egiten duzue?

Komunitate energetikoei bultzada eman nahi diegu. Gipuzkoako Foru Aldunditik sozialistok kudeatzen dugu sail hori eta udalerrietan ekimen horiek zabaldu nahi ditugu. Aurrezpen hori herritarrei azaldu nahi diegu, %25eko beherapena izan baitezakete fakturan. Uste dut aukera eman beharko geniekeela zizurkildarrei bertan parte hartzeko. Horrekin batera, PSE-EEtik, Renfeko geltokiaren irisgarritasun proiektua bultzatu nahi genuke. Puntu beltza da segurtasunari dagokionez. Ez dugu espaloirik eta ekintza batzuk dauzkagu prestatuta ingurune horretarako. 

Zein izango da zuen gobernantza eredua gobernura iritsiz gero?

Jendearekiko tratua da niretzat garrantzitsuena. Entzun nahi nituzke herritarren beharrak zeintzuk diren eta erantzun bat eman nahi nieke udaletik. Sumatzen dugu herritarren eskakizun batzuei ez zaiola erantzuten gaur egun udaletik. Zerbait eskatzera joan, kexatzera joan, eta jaramonik ez zaiola egiten iruditzen zaigu. Ez baiezkoa ez ezezkoa. Erantzunik ere ez. Uste dut herritarrak merezi duela erantzun bat. 

Azken legealdian bi zinegotzi izan dituzue udalean. Abantaila izan da zuretzat?

Bai noski. Bakarra izan edo laguna alboan eduki ezberdina da. Beste ikuspegi bat edukitzea ona da. Ekarpen gehiago. Ea hirugarren zinegotzia lortzen dugun. Oxala. Ez dakidana da nola baloratuko duten herritarrek guk oposizioan egin dugun lana, ezta udal gobernuak egin duena. Kalean entzuten ditut komentarioak udal gobernuak gauzak zeinen gaizki egin dituen esanez. Baina hori islatuko al da boto kutxetan? Ez dakit. 

Gehiengorik lortuko ez bazenute EAJrekin gobernu akordio sinatzeko prest egongo zinatekete?

Egingarria izan daiteke. Ez dugu ezer alboratzen. Hori bai, EH Bilduk orain arte eraman duen politikarekin jarraitzen badu, bideraezina iruditzen zaigu haiekin gobernua adostea. Zaila ikusten dut EH Bildurekin akordioa, eta ez hainbeste EAJrekin. Gertuago egon ginateke jeltzaleekin koalizio gobernu bat osatzeko. 

Marra gorririk jarriko duzue?

Pertsonak dira guretzako lehentasuna. Horretarako zenbait gai identitario albo batera utzi behrko ditugu. Lehenik eta behin herriaren interesak daude, zizurkildarren beharrak asetzea. 

Oposizioan jarraitu beharko bazenute zein jarrera hartuko zenukete?

Bada, orain arte bezala lanean jarraituko dugu. Eta justua ez den zerbait ikusten badugu, salatu egingo dugu gure udal taldetik. Beti ere modu eraikitzailean egingo dugu lan, hori bai, parean tokatzen zaigunaren jarreraren arabera egongo da. Oposizioarekiko zein jarrera duten, elkarlan handiagoa edo txikiagoa egongo da. 

Zein indargune ikusten dizkiozu Zizurkil?

Orain arte, nire ikuspuntutik, oso barnerakoiak izan gara udalerri bezala. Uste dut gehiago ireki beharko genukeela. Askotan ematen dut erreparoa dagoela jendeak bisita gaitzan. Kosta egiten zaigu zabaltzea. Askotan iruditzen zait, etxebizitza gehiago ez eraikitzearen arrazoia handiagoak izateko beldurrean dagoela. Nik ez dut erreparo hori. Hazi egin behar dugu, aukerak dauzkagu horretarako. Nortasuna galdu gabe segi dezakegu hazten. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!