ELKARRIZKETA

«Guretzat ardatza dira euskara eta feminismoa»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 10a, 09:00

Zizurkilen 13 urte daramatza Maite Amenabar Alkortak (Azpeitia, 1977) eta hasieratik sentitu da bertan eroso. Orain ez luke bizilekua aldatuko. Pertsona gertukotzat dauka bere burua, eta langiletzat.

Zer nolako taldea aurkeztu du Zizurkilgo EH Bilduk udal hauteskundeetara?

Osatu dugun taldean esperientzia dutenen eta eta sartu berri direnen artean oreka egokia bilatu dugu. Garai berriak datozkigu eta erronka berriei aurre egiteko ekarpen handia egin dezakete gazteek. Euren hitza oso garrantzitsua da. Horrekin batera, esperientziadun jendea ere badago gure hautagaitzan. Nahiz eta nik zortzi urte eman ditudan zinegotzi bezala, badira arlo batzuk ukitu ez ditudanak (pertsonala, hirigintza...) eta alkate izatera iristen banaiz horiei helduko diet. Udal langile eta teknikariekiko konfiantza osoa daukat eta horrek lasaitasuna ematen dit, baina arlo horietan eskarmentua duen jendea alboan edukitzea garrantzitsua da. Haien aholkularitza ondo etorriko zait.

Zergatik erabaki duzu alkategai izatea?

Zinegotzi zortzi urte eman ondoren ikusten nuen agian nire zikloa amaitu zela. Ikerrentzat ere legealdi zaila izan da, ordea, eta azkenean ikusita berak ez zuela jarraituko, aurrera egitea erabaki nuen, Zizurkilgo EH Bilduko kideek eman zidaten babesa ikusita, batez ere. Asko pentsatu ondoren, familiarekin kontsultatu eta gero, eta ikusita inguruak ikusten ninduela alkategai gisa, nire buruari galdetu nion 'eta zergatik ez?'. Inoiz ez dit aldaketak beldurrik eman izan. Indartsu eta gogoz nago. Esperientzia badaukat, ezagutzen dut udalabarrutik eta horrek animatu nau.

Legealdiaren zein balantze egiten duzu?

Bereziki zaila izan da, pandemiak baldintzatuta eta ezusteko ugarirekin. Nekagarria, neurri batean. Hala ere, pandemiari berari eman zitzaion erantzuna azpimarratzekoa da: herritar ahulenak erdigunean jarri dira, udaletik sustatu da boluntario sarea, gizarte zerbitzuetatik lan egin da, kultuari eusteko ahalegina egin da, ostalari eta merkatariei laguntzak eman zaizkie... Badaude pandemiagatik bide erdian geratu diren eta hobetzekoak diren hainbat arlo ere: merkataritza sustatzeko kaleko ekimenak edo saihesbidearen alde herrian sortu zen mugimendua, esaterako. Udala eta herritarren arteko harreman natural hori berreskuratu behar dugu.

Gizarte gaien arloa eraman duzu, besteak beste, udalean. Zer ikasi duzu?

Oro har, indibidualistagoa egin gaitu azken urteetan gertatu denak eta horri buelta eman behar zaio. Zizurkil bezalako herri batean, gauzak soilik aurrera atera daitezke herritarrek eta herriko eragileek bat egiten badute. Adibidea Elikagai Bankuan dugu, adibidez. Urteotan gizarte arloko ardura izan dut eta ikaragarri ikasi dut. Aurreiritzi asko kentzeko balio izan dit. Ikuspegia zabaltzen erakutsi dit eta segi nahi nuke gai horien jarraipena egiten udaletik, alkate izan edo ez.

Lau urteotako lorpenen bat azpimarratu nahi?

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa onartu izana, UEMAn sartu izana eta Tolosaldeko Euskararen Mahaiarekin alor honetan aurrera urratsak emateko azaldutako egitasmoa azpimarratuko nituzke. Egia esan, guretzat zehar-lerroak dira euskara eta feminismoa, erdigunean jarri nahi ditugu. Ez dira landu beharreko gaiak, gure lan egiteko modua baizik. Iruditzen zaigu udaleko arlo guztietan eta proiektu guztiak zeharkatu behar dituzte bai euskarak eta baita feminismoak ere. Oinarri-oinarrian gaude gure herri programan, eta ikuspegi feministarekin, zizurkildar guztiontzat berdinzaleagoa, askeagoa eta bidezkoagoa izango den herri bat dugu amets.

Hamabi urte eta gero emakume bat jarri daiteke berriro alkate Zizurkilen.

Bai. Emakume izatea albiste izango ez den egunera iritsi nahi genuke. Badakigu zerrendak egiterakoan sarri gizonezko errazago ematen dutela pausoa emakumeek baino. Zaintza, ardura banaketa, txikitatik erakutsitako rolak... asko dago iraultzeko. Zorionez Aiztondo bailaran emakume asko gara alkatetzarako aurkezten garenak. Ni emakumea eta feminista naiz eta feminismotik lanean jarraituko dut udalean.

Zer moduzko harremana izan du zuen udal taldeak oposizioarekin?

Ez bereziki txarra. Jator portatu gara beste alderdiekin eta ez gara oztopo izan, ez haiek guretzat eta ez gu haientzat. Hainbat gauza elkarrekin onartu ditugu, baina egia da bereziki azken aldian, badirudi zenbaitzuk egindako kritikak irakurrita, lau boto irabazi nahiago dutela bidea elkarrekin egin baino. Gu ez gara horrelakoetan entretenituko.

Adostasuna badago, behintzat, Zizurkilentzat saihesbide bat eskatzerakoan. Uste duzu datorren legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiak jaramon egingo diela zuen eskakizunei?

Zaila ikusten dut. Legealdi honetan saiatu gara pare bat alditan diputaziokoekin baina ez dute erantzun positiborik eman, beste lehentasunak argudiatzen dituzte. Segituko dugu eskakizun horrekin. Borrokatzen jarraituko dugu eta ez dugu esperantza galduko.

Lan horien zain egon gabe, udal gobernutik Bulandegi bidean irisgarritasuna hobetzeko eta segurtasuna bermatzeko lanak abiatu dituzue. Zergatik?

Errealitatea da 13.000 ibilgailu pasatzen zaizkigula Bulandegitik. Guretzako herriko arteria nagusia da bide hori eta banatzen ditu komertzioak, herriko eskola... herritar guztiok pasatzen gara hortik eguneko momenturen batean. Ez da jasangarria hainbeste trafiko. Irisgarritasun neurririk ez du betetzen bide horrek, gurpildun aulkian zenbait lekutara iristea ezinezkoa da. Horregatik heldu diegu lan horiei. Herritarren beharrak entzun egin behar dira. Obra handia da aurreikusita daukaguna eta faseetan banatu dugu. Lan horiek aurrera egiteko beste erakundeen laguntza behar-beharrezkoa izango dugu, bestela zama handia suposatuko du udalarentzat.

Azpiegitura falta sumatzen al duzue herrian?

Legealdi honetan bukatu dugu Plazaetxeberri eraikinaren ordainketa. Orain eraikina egokitzeak inbertsioa eskatzen du. Europar funtsetatik 100.000 euroko diru partida iritsiko da 2025ean, bigarren solairuan Saseta Defentsa Sistemari buruzko memoria gune bat sortzeko. Gune hori eratzeaz gain, herritarren erabilerarako espazio bat irabaziko dugu.

Gero, kirol gune bat nahi genuke, kirol taldeentzat eta herritarrentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, federazioekin eta herriko elkarteekin landu dugu egitasmoa kirol batzordean. Hurrengo legealdian sartzen danak segi beharko du horrekin. Anbizio handiko proiektua da. Beharrezko ikusten dugu, Denok-Danena Halterofilia taldearentzat edota txirrindulari taldearentzat toki bat Elbarrenan, baita orain Atxulondo kultur etxean ematen diren hainbat ikastarorentzat ere. Heldu nahi diogu gaiari. Oraingoz ez dugu gunerik izendatuta horretarako baina jarraituko dugu lanean.

Etxebizitza behar handia sumatzen duzue Zizurkilen?

Herrigunean Etxemaiteko etxebizitzak egitera doaz, promotore batek bultzatuta. Bestelakoan badago etxebizitza proiektu bat Plazaetxeberri ondoan ere, baina hori ere ez dago udalaren esku eta ez dakigu esaten noiz abiatuko diren lanak. Elbarrena inguruan urte askotan ez da ezer egin. Urbanizazio proiektua batzuk aurkeztuta dauzkagu eta mugimendua ikusiko da epe motzera. Area 15 izeneko eremu horretan ere, zaharkituta geratu den industrialdearen eremua birmoldatzeko aukera mahai gainean dugu. Ez da erraza adostasun asko lortu behar baitira. Epe luzerako proiektu bat da eta aurrera pausoak ematen saiatuko gara hurrengo legealdian herritarrek gugan konfiantza jartzen badute behintzat.

Dena den ezinbestekoa iruditzen zaigu hirigintza arauak berrikustea. Elbarrenako zati handi bat uholde arriskuko gune bezala dago izendatuta eta bertan ezin da etxebizitzarik eraiki. Asteasu errekan esku-hartze bat egin beharra dago. Bien bitartean, alternatibak lantzen saiatuko gara. Gazteentzako etxebizitza hutsak martxan jarri nahi ditugu. Azterketa egina dugu legealdi honetan eta aurrera begira saiatuko gara behar horri erantzun bat ematean.

Beste egitasmoren bat baduzue buruan?

Kulturaz bizia izango den herri baten alde lanean jarraitzea da gure asmoa, herri bideak eta parkeak konpontzen jarraitzea, udalaren eta herritarren arteko komunikazio bideak hobetzea... Erronka ugari ditugu aurretik eta herritarren babesa badugu, proiektu horiek aurrera eramateko lanean hasiko gara buru belarri.

Nola gobernatuko zenuke alkate izatera iritsiko bazina?

Nik elkarlanean egin nahi ditugu gauzak. Udalean nik bakarrik ez dut ezer egiten. Niretzako garrantzitsua da oposizioa, eta zer esanik ez, garrantzitsuak dira herritarrak. Guk norabide bat dugu markatuta, baina ezinbestekoa da bidea elkarrekin egitea. Herritarrengandik gertu egongo gara, hori ziur. Denentzako irekita dagoen udal bat izatea gustatuko litzaidake.

Orain arte izan duzuen gehiengoa berrituko ez bazenute, saiatuko zinatekete beste alderdiren batekin gobernu akordioa adosten?

Gure buruan ez dago koalizio gobernua osatzeko aukera. Nahiz eta zerrenda bozkatuena izan beste alderdiek gobernu akordioren bat egiten badute, oposiziora pasako gara. Eta lan egiten jarraituko dugu ahalik eta txukunen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!