Inklusioan ardaztuta antolatu dute Maiatza Saltsan

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 3a, 16:00

Zizurkilgo ikastetxeek Gautena elkartearekin elkarlanean piktogramak jartzeko lanketa egingo dute, herri inklusiboago bat eraikitzeko bidean

Inklusioa izango da aurtengo Maiatza Saltsan ekimenaren gai nagusia. Zizurkil guztientzako herria dela esatera dator aurtengo edizioa Maite Amenabar alkateordearen esanetan. «Jatorri anitzetako herritarrak, gaitasun fisiko edo psikiko ezberdinak dituztenak, genero, sexu edo maitatzeko era askotarikoak daude gure herrian». Aniztasun hori islatu nahi izan dute egitarauan.

Aurten eraikin publikoetan piktogramak jartzeko erabakia hartu dute Zizurkilen eta zuzenean udalak lanketa egin beharrean, Gautena elkartearekin elkarlanean, herriko ikastetxeekin partekatu du gaia. Elkarte horretako aholkulariekin batera, hilabete osoan landuko dute gaia herriko ikasleek eta hilaren 29tik aurrera aurkeztuko dute. Ondoren jarriko ditu udalak piktogramak eraikin publikoetan. Ainhoa Larrea kultura eta euskara teknikariak azaldu du ikastetxeek «oso gogotsu» hartu dutela erronka. Bihar, gainera, herriko familiei gaia aurkezteko hitzaldia eskainiko dute Gautenakoek, 17:30ean, Plazida Otaño liburutegian.

Zizurkilgo herritarren artean dagoen aniztasuna islatu nahian, kolektibo ezberdinak kontuan hartuta antolatu dute aurtengo egitaraua. Adinekoek, esate baterako, Pausoka adinak ez du inporta ibilaldiak egingo dituzte, bihar eta hilaren 19an. Sexu aniztasunaren ingurukoak ere ekarri nahi dituzte egitaraura eta horretarako bi ekitaldi antolatu dituzte: Maitatzeari popatik ikuskizuna eta Transitos liburuaren aurkezpena. Jatorri aniztasunari ere erreparatuko diote aurten eta Divinas elkartearekin elkarlanean Afrikaren eguna ospatuko dute maiatzaren 20an. Guretzako jatorri anitzeko emakumeak ere bilduko dira hilaren 31n.

Urteroko hitzorduak

Berrikuntza hauekin batera, ohiko ekitaldiak ere izango dituzte aurten: San Isidro eguna eta biatloia ospatuko dituzte Herrigunean; El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin Senidetze Eguna egingo dute hilaren 27an; eta bezperan, kontzertuak izango dira Atxulondo eta Egarri tabernetan. Musikarekin jarraituz, etzi, Loatzo musika eskolaren banda aurkeztuko dute Joxe Arregi plazan.

MAIATZA SALTSAN

  • Maiatzak 4, osteguna
    • 17:30. Herri inklusibo bat eraikitzen izeneko hitzaldia eskainiko die familiei Gautenak Plazida Otañoko gela balioanitzean.
  • Maiatzak 5, ostirala
    • 10:00. Pausoka, adinak ez du inporta izeneko ibilaldia Joxe Arregi plazatik abiatuta adinekoentzat.
    • 19:30. Joxe Arregi plazan Loatzoko bandaren aurkezpena.
  • Maiatzak 7, igandea
    • Egunean zehar. Andatza eguna.
  • Maiatzak 13, larunbata
    • 09:30. Andatza -Ezkeltzu Bizirik elkartearen eskutik irteera Ezkeltzura. Hegaztiak, landare eta ondare arkeologikoari buruzko azalpenak emango dira bertan. P.M. Otaño plazatik abiatu eta 10:00etan Ezkeltzuko magalean egingo dute hitzordua.
    • 19:00. Atxulondo kultur etxean Maitatzeari popatik ikuskizun poetiko musikala Xabier Crehuet, Aingeru Mayor eta Ekaitz Goikoetxearekin. Sarrerak 3 euro.
  • Maiatzak 15, astelehena
    • 12:30. Herri kirolak Intxaur frontoian.
    • 14:00. Bazkaria Iriarten bertsolariekin.
  • Maiatzak 17, asteazkena
    • 18:30. Transitos liburuaren aurkezpena Aingeru Mayorren eskutik liburutegian, LGTBI+ fobiaren aurkako egunean.
  • Maiatzak 19, ostirala
    • 10:00. Pausoka, adinak ez du inporta izeneko ibilaldia.
    • 18:00. Joxe Arregi plazan Bukalai eta Muxikoen taldearen emanaldiak.
  • Maiatzak 20, larunbata
    • 08:00 - 14:00. Txirrindularitza udalekuak.
      Afrikako Eguna
    • 18:00. Trentza tailerra.
    • 19:00. Pintxo pote internazionalista.
    • 19:30. Kinshasa Symphony pelikularen proiekzioa Plazida Otañoko gela balioanitzean.
  • Maiatzak 21, igandea
    • 11:00. Zizurkilgo XXIII. Biatloia Herrigunean.
  • Maiatzak 24, asteazkena
    • Goizean. Plazida Otaño liburutegian eta Atxulondo kultur etxean ipuin solidarioak, El Salvadorrekiko eskolekin duten senidetzearen barruan.
  • Maiatzak 26, ostirala
    • 19:30. Atxulondo tabernan Black Smoke taldearen kontzertua.
    • 00:00. Egarri tabernan Dukkah taldearen kontzertua.
  • Maiatzak 27, larunbata
    Senidetze Eguna
    • 12:30. El Salvadorreko ordezkariei harrera herrikoia Joxe Arregi plazan.
    • 14:00. Bazkari herrikoia.
    • Ondoren. Musika emanaldia.
  • Maiatzak 29, astelehena
    • Goizean. Ikastetxeetan piktogramen inguruan egin den lanketaren aurkezpena.
  • Maiatzak 31, asteazkena
    • 10:00. Guretzako jatorri anitzeko emakumeen bilgunea Atxulondo kultur etxean.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!