Maddalen Iriarte ahaldun nagusigaiari Bulandegiko lanen berri eman diote

Ataria 2023ko maiatzaren 2a

Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak gaia batzar nagusietara eramateko borondatea azaldu du.

Zizurkilgo EH Bilduren datozen lau urteetako programaren puntu nagusietakoa Bulandegiren hiritartze proiektuari jarraipena ematea da. Iker Urruzola alkatea, Maite Amenabar EH Bilduren alkategaia eta Bulandegiren hiritartze lanen diseinuan ardura izan duen Jon Izagirre Erlaitza bulegoko ingeniaria EH Bilduren ahaldun nagusigai Maddalen Iriarterekin izan dira. 2 miloi euro inguruko aurrekontua duen ekimen "anbiziotsua" atalka egingo da.

Zizurkilgo udalbatzak ekarpena egiteko eskatua dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, trafikoa dentsitate handia jasaten duten bizilagunen bizi baldintzak hobetzea baita proiektuaren helburua. Egoera hori "aldundiaren utzikeriagatik" ematen dela salatu dute Zizurkilgo EH Bilduko hautetsiek.

Lanaren lehen fasea datozen asteetan amaituko da eta aurtengo aurrekontuan hurrengo faseko proiektua idazteko dirua jasota dago. Fase horretan, Bulandegi bidearen bi aldeetan espaloia jarriko da, gunea irisgarriagoa, seguruagoa eta erabilterrazagoa eginez. "Urte batzuk beharko dira proiektu osoa amaituta izateko, Zizurkilgo Udalaren bitartekoak mugatuak direlako. Errazagoa litzateke Gipuzkoako Foru Aldundiak udalbatzaren deiari entzun eta laguntzea erabakiko balu", esan dute udal ordezkariek.

Maddalen Iriarteri azalpen horiek eskaini dizkiote eta bertatik bertara ikusi du Elbarrenako erdiguneak jasaten duen trafikoa: 13.000 ibilgailu egunero, ibilgailu astunak horietako asko. Gipuzkoako Foru Aldundiak Zizurkilekin "zor handia" duela uste dute hautetsiek, "gai hau hamarkadetan bideratu gabe duelako eta saihesbidea ezinbestekoa dela herriaren etorkizunarentzat". 

Zizurkilgo EH Bilduk asko eskertu dio Iriarteri gai hau bertatik bertara ikusi eta batzar nagusietara eramateko borondatea azaldu izana. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!