Enbak positiboki baloratu du ahaldun nagusirako hautagaien solasaldia

Ataria 2023ko maiatzaren 2a

Argazkia: Enba.

Euskal Nekazarien Batasuna (Enba) sindikatuak antolatuta, lehen sektorearen errentagarritasuna eta elikadura burujabetza agenda politikoan txertatzeko mahai-inguru «arrakastatsua» ospatu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiekin.

Zizurkilgo Fraisoro nekazaritza eskolako areto nagusian izan zen Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaien solasaldia, Xabier Euzkitzek zuzendutakoa. EAJ-ko Eider Mendoza, EH Bilduko Maddalen Iriarte, PSE-EE-ko Jose Ignacio Asensio eta Elkarrekin Podemoseko Miren Echeveste izan ziren. Enba-k adierazi duenez, PP-ko Mikel Lezamak ez zuen parte hartu, «azken uneko ezusteagatik».

Lehen sektoreari eta landa guneei buruzko hainbat gai jorratu zituzten: abeltzaintza estentsiboa, herri mendietako kudeaketa, Enirio-Aralar Mankomunitateko problematika, basogintza, herri txikitako biziraupena eta lurralde oreka, basoko fauna eta otsoa, elikagaien merkaturatzea eta energia berriztagarriek nekazaritza lurrengan duten afekzioa.

Oreka eta elkarlana izan ziren hautagai guztien aldetik hitz erabilienak, eta une oro, lehen sektoreak larrialdi klimatikoaren aurrean jokatzen eta joka dezakeen papera berretsi zuten.

ENBAk «balorazio oso positiboa» egin du mahai-inguruaz: «Gure helburu nagusia nekazaritza alderdi politikoen agendan txertatzea zen eta oreka hitzaren aurrean, lehen sektorearen errentagarritasuna eta gure herriaren elikadura burujabetzaren aldeko politika zehatzak aldarrikatu zituzten».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!