Federatu gabekoek ere parte hartuko dute Zizurkilgo Duatloian

Imanol Garcia Landa 2023ko api. 19a, 11:59

Iazko Zizurkilgo Duatloiaren une bat.

Larunbat arratsaldean izango da II. Zizurkilgo Duatloia. Guztira 230 parte hartzaile inguru izango dira, federatu eta federatu gabekoen artean.

Berritasunekin dator Zizurkilgo Duatloia bere bigarren urtean. Lehenengoan federatutako kirolariek bakarrik parte hartu ahal izan zuten, eta aurtengoan federatuta ez daudenek ere aukera izango dute. «Aurreko urtean gogo hori geratu zitzaigun, herriko jendeak parte hartzeko aukera izatea. Jendeak esaten zigun parte hartuko zuela, baina federatuta ez zegoelako ezin izan zuela parte hartu», esan du antolakuntza taldeko Eñaut Galarragak. «Aurten federazioarekin hitz egin ondoren, ikusi dugu federatuta ez daudenentzat ere irekitzeko aukera izatea».

Iaz egitasmoak izan zuen arrakastaren ondoren, berriro antolatzea pentsatu zutela azaldu du Galarragak: «Aurreko urtean dena biribila atera zitzaigun, denak oso gustura geratu ginen. Eta ez genuen nahi hau anekdota batean geratzea, eta berriro ere animatu gara aurten, eta ea urtez urte gehiago indartzen doan». Egitasmoaren sorreran duatloiaren inguruan hausnartzeko elkartu zen lagun talde bat izan zen: «Duatloiaren egoera ikusiz, hau da, ez zuela nahiko indarra Gipuzkoan, pentsatu genuen Zizurkilen duatloi bat antolatzea. Pixkana jende gehiago erakartzen joan ginen taldera eta Danena klubaren laguntza jasotzen dugu antolakuntza lanak egiteko», azaldu du Galarragak.

Larunbat honetan, apirilak 22, egingo da II. Zizurkilgo Duatloia. 16:15ean aterako dira emakumezkoak eta bost minutu ondoren gizonezkoen txanda izango da. Federatutakoak zein federatu gabeak batera aterako dira. Joxe Arregi plazan izango da irteera zein helmuga, eta bizikletarekin trantsizioa egiteko gunea aldatu egingo da. Iaz plazan bertan jarri zen gunea, eta aurtengoan Danenako futbol zelaian egongo da.

Duatloilariek esprint distantzia egingo dute, hau da, lehendabizi bost kilometro korrika, ondoren hogei kilometro bizikletaz eta bukatzeko 2,5 kilometro korrika. Gainera, aurten Euskadiko Txapelketa izango da jokoan federatuentzat. Bi mailetan sariak izango dira lehenengo hirurentzat, eta Aiztondoko lehen emakumezkoak zein gizonezkoak ere saria jasoko dute. Horrez gain, hainbat produktu zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Guztira 230 kirolari inguruk parte hartuko dute, horietatik 50 parte hartzaile inguru federatuta ez daudenak izango dira. «Oso gustura gaude, batetik jende askok eman duelako izena; bestetik, jende askok probatuko duelako zer den duatloi bat», esan du Galarragak. «Nabarmendu nahiko nuke emakumeen parte hartzeak gorakada handia izan duela. Iaz 25 izan ziren, eta aurten 55 inguru izango dira».

Izena emateko epearekin gaizki-ulertu bat izan da eta gaur ixten zela zabaldu bazen ere, azken eguna astelehena izan zen. Hori dela eta, antolakuntzatik 10 dortsal zozkatuko dituzte, doan. Zozketan parte hartzeko zizurkilkoduatloia@gmail.com helbidera edota Zizurkilgo Duatloiaren Facebook orrira mezu bat bidali behar da. Epea gaur 16:00etan bukatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!