Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaien mahai-ingurua egingo dute Fraisoron

Ataria 2023ko apirilaren 14a

Euskal Nekazarien Batasunak (Enba) antolatuta, maiatzaren 28ko foru hauteskundeetako Gipuzkoako ahaldun nagusien mahai-ingurua egingo dute Zizurkilgo nekazaritza eskolan. Apirilaren 28an, ostirala, izango da saioa, 11:00etan hasita.

Eider Mendoza (EAJ), Maialen Iriarte (EH Bildu), Jose Ignacio Asensio (PSE-EE), Miren Echeveste (Elkarrekin-Podemos) eta Mikel Lezama (PP) izango dira mahai-inguruan egongo diren hautagaiak. Gipuzkoako lehen sektorea eta landa gunearen etorkizuna izango da gai nagusia eta Xabier Euzkitzek egingo ditu aurkezle eta moderatzaile lanak.

Mahai-ingurura joan nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena, 943 650 123 telefono zenbakira deituz edo gipuzkoa@enba.eus helbide elektronikora mezua bidaliz. «Maiatzaren 28an, Gipuzkoako baserritarrok asko dugu jokoan. Aurkezten diren alderdi politiko guztiak elkartu ditugu, aurrez aurre entzun ditzazun, baita zure galderak eta iritziak entzun ditzaten ere», adierazi dute Enbatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!