Maite Amenabar, Zizurkilgo EH Bilduren alkategai

Ataria 2023ko martxoaren 31

Zizurkilgo EH Bilduko herri batzarrak hala erabakita, Maite Amenabar izango da maiatzaren 28an izango diren udal hauteskundeetarako koalizioaren zerrendaburua. "Herritarrei entzuten, eta ahal den neurrian erantzuten saiatuko naiz", esan du alkategaiak.

Zizurkilgo EH Bilduk udal hauteskundeetarako alkatetzarako hautagaia aurkeztu du Atxulondo kultur etxean: Maite Amenabar Alkorta. Egungo alkate Iker Urruzolak egin ditu hautagai berriaren aurkezpen lanak. "Lau urte gogor eta latz izan dira. Ez da erraza izan baina ikasteko balio izan digu eta aurretik zetozen proiektu batzuk gauzatu eta berri batzuk abian jarri ditugu". Alkateorde gisa aldamenean izan duen emakumea alkategai bezala aurkeztea "ohorea" dela esan du Urruzolak.

Amenabarrek nabarmendu du zortzi urteotan zinegotzi bezala aritzeak herria eta bereziki herritarrak hobeto ezagutzeko aukera eman diola. "Zizurkil maite dudan eta errespetatzen dudan bizitokia da eta hori izan da abiapuntua alkategai izateari baiezkoa esateko". Bere hitzartzean alkategaiak hitz eman du gertukoa izaten jarraituko duela, "herritarrei entzuten, eta ahal den neurrian erantzuten".

Zizurkilgo EH Bildutik adierazi dute, herri programa aletu eta zerrenda aurkeztuko dutela datozen egunetan. Dena den, Amenabarrek aipatu ditu esku artean udal taldeak dituen erronka nagusiak: "Bulandegi, kirol gunea, Plazaetxeberri, hirigintza plangintzaren berrikuspena, euskara sustapena UEMAren eskutik, kulturaz bizia izango den herria izaten jarraitzea, elkarteekin elkarlanean aritzea, herri more eta feministago bat lantzea...". Alkatetza eskuratuz gero Zizurkil irekia, bidezkoagoa eta elkar zainduko duen herria izango dela nabarmendu du Amenabarrek. "Hitz handiak dira baina eguneroko lan txikien bidez bidea egiten asmatu beharko dugu".

Zortzi urte hauetan udal taldean alboan dituen lagunei eskerrak emanez amaitu du saioa alkategaiak: "Ez da beti erraza izan erabakiak hartzea. Ez gara beti ados egon. Baino asko ikasi dut guztiongatik. Ohore bat izango da batzuk alboan izaten jarraitzea eta bide berria jende berriarekin elkarbanatzea. Nik, hitz ematen dizuet, dudan onena emango dudala. Gogoz, eta ahal dela, irribarrea galdu gabe".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!