Gari Iruretagoienak Euskoapnea irabazi du hirugarren aldiz jarraian

Imanol Garcia Landa 2023ko mar. 29a, 11:58
Gari Iruretagoiena, eskuinean, bere anaia Imanolekin.

Zizurkildarrak txapelketako hiru probak irabazi zituen, eta apnea estatikoan aurretik berak egina zuen Euskadiko marka hobetu zuen, zazpi minutu eta 26 segundotan utziz.

Gari Iruretagoiena zizurkildarra hirugarren aldiz segidan gailendu da Euskoapnea txapelketan. Hiru proba ditu txapelketa horrek, eta hiruretan irabazi ondoren eraman du sari nagusia. Apnea estatikoan zazpi minutu eta 26 segundoko marka egin zuen, Euskadiko marka berria eginez. Bi proba dinamikoetan, berriz, 136 metro egin zituen hegatsik gabe eta 165 metro bi hegatsekin. «Oso pozik nago lortutakoarekin», esan du Iruretagoienak. «Esperantza banuen sari nagusia lortzeko, baina agian ez proba guztietan irabazteko. Kirol honek duen zailtasuna da akats bat egitea oso erraza dela, edo protokoloaren punturen bat ez jarraitzea, eta hiru probetako batean huts eginez gero erraza da sailkapen orokorrean atzean geratzea». Euskadiko Txapelketa da, eta, beraz, EAEko kirolariek parte hartzen dute, baina open kategoriakoa ere bada eta beste zenbait lekuetako apnealariek ere parte hartu zuten: Kantabria, Galizia, Katalunia, Zaragoza...

Apnea estatikoan arnasari ahal den gehien eutsi behar diote, eta igerilekuan buruz behera egoten dira. Oraingoan 7.26 egin du zizurkildarrak, eta aurretik ere berea zen Euskadiko marka, 7.14ko denborarekin. «Nire asmoa marka berria egitea zen. Nahiko ondo ari nintzen entrenamenduetan, eta gustura nago egindakoarekin», esan du. «Entrenamenduetan zortzi minutuetara iritsi naiz, baina ez nuen horraino iritsi nahi txapelketan. Oso erraza da hiru probetako batean huts bat egitea, eta nire helburua txapelketa irabaztea zen. Beraz, limiteraino joan gabe, hobea da indarrak gordetzea beste probetarako, eta ez gehiegi arriskatzea». Laguntzaile bat izaten dute ondoan, eta berak denbora esaten dio eta erlaxatzen laguntzen dio. «Nik nire anaia Imanol eraman nuen. Berak ezagutzen nau ondoen, eta berak esaten dit egiten ari naizen denbora. Apnea horren bukaeran segurtasuneko protokolo batzuk daude, eta horiek aurrera eramaten ere laguntzen dit».

Proba dinamikoetan, arnasaldi batekin igerilekuan zenbat metro egiten dituzun hartzen da kontuan. Hegatsik gabe bular estiloan egiten dute igeri. Bestean, izenak dioen moduan, bi hegatsen laguntzarekin aritzen dira. Hegatsik gabekoan bere marka den 140 metroetatik gertu geratu zen Iruretagoiena. «Hegatsekin egiten den proban nire marka 180 metrokoa da, baina nire azkeneko proba zen, eta nahikoa nuen 150 metro egitea txapeldun izateko, eta ez nuen behartu nahi izan». Metro horiek denak egiteko, igerilekuan buelta eman behar dute eta pareta erabili dezakete bultzada hartzeko. «Ez da ematen duen bezainbesteko laguntza. 50 metroko igerilekuetan, bultzada gutxiago hartzen dituzu, eta normalean igerileku horietan marka hobeak ateratzen dira. Azkenean, itzulia ematerakoan erlaxazioa pixka bat apurtzen zaizu, bira egin behar duzu, eta hor galdu egiten duzu. Beraz, bultzadan irabazten duzuna, itzulia egiten galtzen duzu».

Gari Iruretagoiena, igerilekuan buruz behera, apnea estatikoaren proban.

 

ESPAINIAKOA IRABAZTERA

Euskoapnean lau aldiz aurkeztu da Iruretagoiena. «Lehenengo urtean hasiberria izatea ordaindu nuen. Lehen proban ez nuen protokoloa ondo bete, deskalifikatu egin ninduten, eta aho zapore txarrarekin geratu nintzen». Orain bi urte egin zuen hurrengoa, eta ordurako pixka bat gehiago ikasi zuen nola izaten den txapelketa. Orduan irabazi egin zuen, iazkoa ere bai, eta aurtengoan hirugarren aldiz jarraian lortu du txapela. Euskoapnea irabazita, Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izango du zizurkildarrak. Apirilaren 21etik 23ra izango da, Oviedon (Espainia), eta horretarako prestatzen ari da orain.

Espainiako Txapelketa aurreko bi urteetan irabazi du apnea estatikoan. «Dinamikoetan nire aldean hobeak daude, eta hor laugarren edota bosgarren postuetan ibiltzen naiz», esan du. «Aurtengoan apnea estatikoan irabazteko lehian egotea espero dut. Ikusita entrenamenduetan ondo ari naizela, eta Bartzelonan eta Valentzian egindako txapelketetan inork ez didala irabazi, ea dena ondo ateratzen den eta Espainiako Txapelketa irabazten dudan berriro». Proba dinamikoetan bere markak hausteari emango dio garrantzia. «Hegatsekin, esaterako, onenak 200 metrotik pasatzen dira, eta ni ez naiz horraino iristen, baina 180 metroko marka hautsi nahiko nuke, eta baita 140 metrokoa ere, hegatsik gabekoan».

Munduko Txapelketa batean ere izan da zizurkildarra. 2021ean izan zen, Belgraden, Espainiako Txapelketa irabazi eta gero. «Esperientzia ederra izan zen astebetez Belgraden munduko apnealari onenez inguratuta egotea. Oso talde polita joan ginen, eta asko disfrutatu genuen, baina emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan». Apnea estatikoan dominetara gerturatu nahi zuen, baina ez zuen denbora oso ona egin: «Ez nuen urduritasuna kudeatzen jakin».

Iaz ere espero zuen Munduko Txapelketara joatea, baina federaziotik jende gutxiago eramatea erabaki zuten, eta Iruretagoiena deialditik kanpo utzi zuten. Aurten Kuwaiten izango da Munduko Txapelketa. «Ea posible den aurtengoan joatea», esan du apnealari zizurkildarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!