Herri kooperatiba eratzeko batzarra egingo dute Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 24a, 10:59

Martxoaren 29an, 19:00etan, Herribiziguneko topagunean egingo dute, Plazaetxeberri eraikinaren azpialdean.

Duela lau urte sortu zen Zizurkilen Herribizigune elkartea, eta orain, bertan biltzen diren herritarrek urrats berri bat ematera doaz, herri kooperatiba sortzera. "Ekonomia sozial eta eraldatzailea komunitate hurbil eta txikietatik proiektu praktikoen bitartez gauzatu behar dela sinesten dugu", esan dute elkarteko kideek. Herri kooperatiba eratzeko bilera, martxoaren 29an, asteazkena, 19:00etan egingo dute, Herribizigunek Plazaetxeberri eraikineko azpialdean duen topagunean.

Zizurkilen azken urteetan proiektu komunitarioa "poliki eta zuhurtziaz" eraikitzen joan direla nabarmendu dute Herribiziguneko kideek. Azpi proiektu ezberdinak gauzatu dituzte elkartetik orain arte: Plazaetxeberri eraikinaren inguruko proiektu parte hartzailea; herriguneari herritarrentzako topagune berria sortzeko auzolana; haurren basoa; eskuetatik eskuetara... "Baina zalantzarik gabe, indar eta egonkortasun gehien lortu duen azpi proiektua elikadura sarea izan da".

Eraketa batzarrean parte hartzera deitu duten herritarren ustez, herri kooperatiba tresna bat da herriarekin eta herriarentzat garatu nahi dituzten proiektu kooperatibo eta komunitarioak sustatzeko eta bideratzeko. Herriko eragile eta herritar ezberdinak biltzeko sortu nahi duten topagunea izango da kooperatiba, eta udalarekin batera, herrian gobernantza berri bat bideratzeko balioko du. "Gaurko garaietara egokitzen den herrigintzarako antolakunde berri bat da herri kooperatiba, kultura, hizkuntza, pertsonak eta lurra zaintzeko eta babesteko kontzientzia gunea".

Martxoaren 29an egingo den eratze batzarrean parte hartzeko deia luzatu dute elkarteko kideek, "herri kooperatiba ez baita ezer herritarrik gabe".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!