Senidetzearen 10. urteurrena ospatuko dute Lladon

Ataria 2023ko martxoaren 22a

Ostiraletik igandera, Zizurkilgo 30 herritar inguruk Gironako herrira bidaiatuko dute eta han antolatutako ekitaldietan parte hartuko dute

Pandemiaren etenaren ondoren Zizurkil eta Herrialde Katalanetako Llado herrien arteko senidetzea ospatuko dute asteburuan, Gironako herrian egingo diren ekitaldiekin. Bihar abiatuko da zizurkildar talde bat Lladora, eta beste taldetxo batek, asteburuan egingo du bidaia. Guztira, 30 laguneko ordezkaritzak bidaiatuko du Kataluniara. Ostiral gauean ongietorria egingo zaie zizurkildarrei eta hainbat ekitaldi izango dituzte igandera bitarte.

2013an gauzatu zen Zizurkil eta Lladoren arteko senidetzea, baina harremanak apur bat lehenago hasi ziren Iker Urruzola alkateak aipatu duenez: «Zizurkil El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetuta dago eta Gironan bazen talde bat internazionalismoaren arloan lan egin eta Segundo Montesen esperientzia ezagutzen zuena. Horrela izan genuen elkarren ezaguera». Elkarrengandik gertu dauden bi herrien arteko zubia Atlantikoaz bestaldeko anai-arrebek eraiki zuten, beraz.

Urte guzti hauetan txandaka egin dituzte bidaiak Pirinioen bi aldeetara. «Urte hauetan herritarren arteko harremana asko estutu da. Elkar ezagutzen dugu eta elkartasun sareak sendotu ditugu», esan du alkateak. Elkarren berri izaten dute maiz-maiz Urruzolak eta Joaquim Tremoleda Lladoko alkateak: «Oso gizon jantzia da eta arkeologiaren arloan ezagutza handia du. Guk hemen Hernandorena elkartearekin lankidetzan gauzatu ditugun ikerketen berri ematen diogu, eta hark, berriz, inguru hartako aurkikuntzak azaltzen dizkigu».

Gauzak askok lotzen dituzte Zizurkil eta Llado, besteak beste, memoria historikoak. Horregatik, larunbat goizean zizurkildarrek bisita egingo dute La Jonquerako erbestearen inguruko museora. Handik bueltan Lladoko plazan egingo dute ekitaldi instituzionala eta bazkari herrikoiarekin, arratsaldeko dantza eta musika emanaldiarekin eta igande goizeko mendi martxarekin biribilduko dute egitaraua.

Urruzolak, bereziki eskertu nahi izan du duela 10 urte senidetzea gauzatu zuten Zizurkilgo Joxemari Luengo eta Lladoko Joan Fabrega alkateek egindako lana, baita La Guerrilla Comunicacional taldeko Juli Sanchezek egindakoa ere.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!