Jose Antonio Sanchez da PSE-EEren Zizurkilgo alkategaia

Ataria 2023ko mar. 16a, 19:00

Hirugarren aldia da alkategai aurkezten dela eta bere hautagaitza publiko egiteko ekitaldian esan du «ilusioz» aurkezten dela maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara.

Jose Antonio Sanchez izango da PSE-EEren Zizurkilgo alkategaia maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Hirugarren aldia da alkatetzarako bere hautagaitza aurkezten duela eta esan du lehenengoan bezainbesteko "ilusioz" hartuko duela ardura. "Gertu dago egungo dinamika alda dezakegun eguna. Izan ere ezaguna da egungo udal gobernuaren gobernatzeko modua eta gure esku dago gehiengo osoko gobernua iraunaraztea edo aldatzea".

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi izateko hautagaiak babestu du Sanchezen hautagaitza. "Joseanen lanari esker sozialistok ordezkaritza bikoiztea lortu dugu Zizurkilen. Gertutasuna, konplizitatea eta aniztasuna erabili ditu oinarri gisa zinegotzi eman dituen 8 urteetan. Beti jarri ditu erdigunean pertsonak, eguneroko arazoei irtenbidea emateko konpromisoa eta herritar guztien eskubideen eta aukeren bermea". 

Alkatetzarako hautagai sozialistak, besteak beste, gazteen alde lan egiteko konpromisoa hartu du. Etxebizitza politiken bultzada egingo duela hitz eman du, "alokairuko etxebizitza urri eta garestiei aurre egin ahal izateko, baita etxebizitza eskaintza eskasari ere". Azpiegitura "defizitarioa" duten auzoetan beharrezko azpiegiturak bultzatuko dituela esan du eta adibidetzat jarri ditu Akezko eta Ihartza auzoak. Ikastetxe publikoen baliabideak hobetzeko konpromisoa berretsi eta azpiegituren arloan hainbat lan gauzatzeko erakundeekin elkarlanean arituko dela esan du: "Asteasuko industrialderako bidea, Asteasu errekastoaren bideratzea, Renfe geltokiaren irisgarritasuna hobetzea...".

Ingurumenaren arloan, komunitate energetikoa bultzatu nahi dute sozialistek Zizurkilen, beste udalerri batzuetan egin bezala. Sanchezek bosgarren edukiontzia ezartzeko bere borondatea agertu du: "Mugikortasun txikiagoa duten pertsonentzako sistema irisgarria, gaur zein hondakin bota dezakedan pentsatu beharrik izan gabe".

Alkatetzarako PSE-EEren alkategaiak azpimarratu du sozialistek maiatzerako aurkeztuko duten hautagaitza dela Zizurkilentzat etorkizun "solidario, jasangarri, inklusibo eta bizi-kalitatedun bat" lortzeko bermea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!