Babestutako Edukia

«Benetan bereizgarriak dira Fraisoron dauzkagun azpiegiturak»

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 16a, 10:00
Pili Ibañez de Garaio Jaka, ezkerrean eta zutik, Fraisoro Eskolako hainbat irakasle eta langilerekin.

Fraisoro Eskolak eskarmentu handia du pertsonak prestatzen lehen sektorerako, 125 urte egingo baititu aurten. Eskola «familia handi bat, baserri handi bat» bezala dela azaldu du Pili Ibañez de Garaio Jaka zuzendariak.

Zer garrantzia du lehen sektoreak?

Gizarteak garrantzia gehiago eman behar dio lehen sektoreari, oinarrizkoa baita bere funtzionamendurako. Elikagaiak sortzen ditu lehen sektoreak, eta ezin dugu utzi oinarrizko zerbitzu hori beste herrialdeen menpe. Lehen janari pila bat etortzen zen Murtzia eta Almeriatik, eta orain Marokotik. Garraioarekin arazo bat egonez gero nola egingo genioke aurre? Gaur egun ez dugu ziurrenik gaitasuna behar dugun guztia ekoizteko, baina ahal den guztia izatea komeni zaigu. Euskadin jende asko bizi gara eta ez da hainbeste ekoizten. Lehen sektorea bigarrenaren eta hirugarrenaren oinarria da, beraz oinarri sendo bat behar duzu beste guztia eraikitzeko. Ondorioz, etorkizuna duen prestakuntza eskaintzen dugu.

Lanerako aukera handiak ditu, beraz, lehen sektoreak.

Garbi dago merkatu nitxoak daudela, hau da, kontzientziatuta dauden biztanleak daude, hemengo produktua erosteko prest daudenak. Horri erantzuteko ekoizleak falta dira. Lan eskaintzak jasotzen ditugu, eta ez dira betetzen.

Zer eskaintza du Fraisoro Eskolak?

Hurrengo ikasturteari begira bi ziklo berri eskaintzen ditugu, eta bi hauek erkidego osoan lehen aldiz emango dira. Horietako bat oinarrizko mailari dagokio, eta Nekazaritzarako eta Abeltzaintzako Jardueretako Oinarrizko Profesionala izena du. Aukera bat da DBH aldapa gora egiten zaienei, eta lehen sektorea gustuko dutenentzat. D ereduan izango da, oso modu praktikoan egiteko diseinatuta dago, lanbide heziketara bideratuta, eta DBHko titulua baliotzen du. Hori bukatuta, erdi mailan ditugun hiru zikloetara sartzeko aukera du ikasleak.

Beste ziklo berria elikagaien industriarekin dago lotuta, ezta?

Bai, Elikagaiak Eraldatzeko Teknikaria izena du, eta erdi mailako zikloa da. Argi ikusten genuen nekazaritzari zuzenean lotuta zegoen formazioari elikagaien eraldaketaren arloa gehitu behar geniola. Ekoizleak behar dira, eta hasten diren gehienak ekoizpen txiki batekin hasten dira. Hortaz bizi ahal izateko, ikasleak dibertsifikazioa esaten zaionari heldu beharko dio, hein handi batean produktuak eraldatu egin beharko ditu, eta prestakuntza berri honekin arlo horri heltzeko aukera zabaltzen dugu. Helburua da esnea, haragia eta barazkiak eraldatzea, eta horrekin nekazaritza arloa osatzea. Bestalde, elikagaien eraldaketako sektoreak ere eskaera luzatu digu, arlo honetan formatutako jendea behar dutela esanaz, kontserba enpresatan, harategietan eta merkatal zentro handietan, besteak beste. Horrez gain, sukaldaritza eta ostalaritza munduan dabiltzanentzat ere beste aukera bat da ziklo berri hau.

Horiez gain, ohiko zikloak dituzue.

Bai, eta hor erdi mailako bi ziklo ditugu, eta goi mailako beste bat. Erdi mailakoetan, Lorezaintza eta Loregintza Teknikaria dugu batetik, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekoizpeneko Teknikaria bestetik. Goi mailakoan, Basoa eta Natura Ingurunearen kudeaketako Goi maila Teknikaria. Lanbide heziketa dualaren aukera eskaintzen dugu erdi mailako zein goi mailako zikloetan, hau da, enpresa eta ikastetxeko ikasketa prozesuak bateratuz. Eskolaren erdigunea ziklo horiek denak dira, ikasketa arautua deitzen zaiona. Horrez gain, ikastaroen eskaintza zabala izaten dugu, lehen sektorean etengabeko prestakuntza oso garrantzitsua baita.

Aurki ate irekien saioak izango dituzue.

Hori da: lehen bi saioak martxoaren 22an eta 25ean izango ditugu. Jendea gonbidatuta dago Fraisoro Eskolara etortzera. Ongietorri bateratu bat egiten dugu, eta ondoren, etortzen direnen interesen arabera, taldeak egiten ditugu. Gero, ikasiko duten eremuaren arabera tailerrak eta zer material erabiltzen diren erakusten diegu, ikusteko zer baliabiderekin ariko diren hemen. Gure eskola baserri handi bat da. Gertatu izan da ikasle bat sartzea erdi mailako ziklo batean, beste erdi mailako ziklo bat egitea, eta goi mailako zikloa egiten bukatzea. Lehen sektorea benetan gustatzen zaionari, horretan lan egin nahi du.

Zertan nabarmentzen da Fraisoro Eskola?

Dauzkagun azpiegiturak benetan bereizgarriak dira. Ukuilu bat dugu eta bertan 30 behi jezten ari gara. Oilategia dugu, erleak, ardiak... Hiru baratze mota ditugu: ekologikoa,eta sistema integratua eta hidroponikoa dutenak. Ikasleak hiru aukera horiek ikusten ditu, eta gero etorkizunean berak aukeratuko du gustatzen zaiona. Basoa dugu, eta inguruko baserritarren lurretan lanak egiteko aukera. Lorezainek eremu ezberdinetan lorategiak jarrita dituzte. Kontuan izan behar da, gainera, loradendetan lana egiteko aukera ematen duen ezagutza jasotzeko ziklo bakarra dela. Beraz, gure indar nagusia azpiegiturak dira, eta ikasleek ikasitakoa Fraisoron bertan praktikara eramateko aukera dute. Eta, noski, hori dena posible egiten duen irakasle taldea eta langileak ditugu.


ESKAINTZA

NEKAZARITZA

  • Oinarrizko Maila
    • Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Jardueretako Oinarrizko Profesionala.
  • Erdi Maila
    • Lorezaintza eta Loregintza Teknikaria.
    • Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekoizpeneko Teknikaria.
  • Goi Maila
    • Basoa eta Natur Ingurunearen kudeaketarako Goi Maila Teknikaria.

ELIKAGAIEN INDUSTRIA

  • Erdi Maila
    • Elikagaiak Eraldatzeko Teknikaria.

ATE IREKIAK
  • Martxoak 22. Asteazkena, 16:00.
  • Martxoak 25. Larunbata, 11:00.
  • Maiatzak 5. Ostirala, 16:00.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!