Ziotza pilota eskolakoei jantzi diete txapela

Ataria 2023ko martxoaren 12a

Argazkia: Zizurkilgo Udala

Txapel Egunaren 28. edizioa ospatu zuten atzo Iriarte jatetxean, eta aurtengo omenduak Ziotza Pilota Eskolakoak izan ziren. Hortaz, Zizurkilgo festei hasiera eman eta suziria botatzeko ohorea izango dute abuztuko Amabirjin jaietan.

Atzo ospatu zuten Txapel Egunaren 28. edizioa eta Iriarte jatetxean egin zuten afariaren ostean jantzi zioten txapela Ziotza Pilota Eskolako kideeei. Hain zuzen, Egarri tabernako Alex Inzak, aurreko txapeldunak, jantzi zien txapela omenduei. Honela, Ziotza Pilota Eskolakoak izango dira aurtengo Amabirjinetan, Herriguneko jaien hasierako txupinazoa botatzeko ohorea izango dutenak.

Festa batzordeak azaldu bezala, «Zizurkilgo herrigunean edo Zizurkil goian ez dago aisialdirako aukera handia eta horietako bat izaten ari da azken urteetan Ziotza Pilota Eskola; Herriguneko zein Elbarrenako neska-mutilen elkargune, pilotan jolasteko giro euskaldunean». Ziotza Pilota Eskolan eman zituzten lehen pilotakadak gaur egun maila ederrean ari diren hainbat pilotarik, baina hori lortzeko pilota eskolaren ardura hartzen duten guraso eta entrenatzaileen lana «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute. «Pilota eskolak jarrai dezan hamaika herritarrek egin duten ahalegina eta uneotan egiten ari direna, herri giroari ekarpen garrantzitsua egiten diotelako. Txapelaren bidez, aurrera jarraitzeko indarra ere eman nahi diegu. Honela, aurtengo Txapel Eguna ezinbestean pilota hotsez jantzi da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!