2023ko aurrekontua onartu dute Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 7a, 07:59

Astelehenean egin zuten osoko bilkura, eta besteak beste, aurrekontua onartu zuten EH Bilduren aldeko eta EAJ eta PSE-EEren aurkako botoekin.

Zizurkilgo Udalak 2023ko aurrekontua onartu du aste honetan egindako osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko eta EAJ eta PSE-EEko zinegotzien kontrako botoekin.

Zizurkilgo udal gobernuak aurrekontuen barruko hainbat partida azpimarratu ditu: Herriguneko transformadore elektriko berriaren proiektua idaztea (15.000 euro); Bizipoza jaialdia antolatzea (1.900 euro); eta gazteei alokairuko diru laguntza ematea (5.000 euro), esate baterako.

Inbertsioen atalean ere hainbat proiektu azpimarratu dituzte udal arduradunek. Honakoak, besteak beste: herri bideen konponketa eta hobekuntza lanak (145.000 euro); Bulandegiko berregokitze obrekin jarraitzea (265.000 euro); herriko parkeetan berrikuntzak egitea (25.000 euro); Aiztondoko pisu babestuan eraberritze lanak egitea (15.000 euro); eta liburutegi atzeko lokala egokitzea (75.000 euro).

Sozialisten kontrako botoa

Jose Antonio Sanchez PSE-EEko bozeramaleak bere kontrako botoa argudiatzeko oharra kaleratu du eta bertan adierazi du EH Bilduk ez dituela udalerrian dauden premiazko beharrak islatu aurrekontuan. "Horren adibide da Plazida Otaño liburutegiaren atzeko lokala egokitzeko proiektua, badirudi urteroko aurrekontua betetzeko baliabide bihurtu dela. Beti inbertsio berberak aurkezten dituzte".

Aurreko urteetan aurrekontuari ekarpenak egin izan dizkio talde sozialistak, baina aurten ekarpenik ez egitea erabaki du, urteotan gauzatu diren proiektuak "gutxi" izan direlako. "EH Bilduren gobernuak gure proposamenak onartu izan ditu eta aurrekontuan txertatu, baina itxura egiteko keinua baino ez dela iruditzen zaigu, gero ez direlako proiektuak gauzatu".  Sanchezek ere kritikatu du udal gobernuak Bulandegi bideko 12 eta 14 zenbakietan dauden lokalak kirol instalazio bihurtzeko proiektua. Pedro Mari Otaño ikastetxeko frontoia indartzearen alde egiten dute sozialistek. "Bulandegi bideko bizilagunekiko errespetu falta da horrelako proiektu bat aurkeztea, haiek ere lokaletan interesa dutela ikusita. Gainera, lokalak ez zaizkigu egokiak iruditzen kirol eremu bat kokatzeko, aparkatzeko toki gutxi dagoelako, besteak beste", aipatu du zinegotzi sozialistak. 465.000 euroko inbertsio jaso du udalak aurtengo aurrekontuan Bulandegi bideko lokalak erosteko.

Mozioak eztabaidagai

Otsaileko osoko bilkuran hiru mozio ere eztabaidatu zituzten zinegotziek. EH Bilduk aurkeztutako Ezkeltzuko parke eolikoaren inguruko mozioa aurrera atera zen koalizio soberanistako sei botoekin, EAJren kontrako bi botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. Martxoaren 8aren testuinguruan beste mozio bat ere onartu zuten oposizioaren abstentzioarekin, eta azkenik, EH Bilduk eta EAJk Saharar Errepublika Arabar Demokratikoaren aldeko mozioa babestu zuten eta PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!