Ziotza Pilota Eskolari jantziko diete txapela Zizurkilen

Ataria 2023ko ots. 23a, 07:58

Martxoaren 11n egingo dute Txapel Egunaren 28. edizioa, eta jada aurkeztu dute egitaraua. «Herri giroari ekarpen garrantzitsua egiten diotelako» jantziko diotela adierazi du festa batzordeak.

Iaz, ohi baino beranduago ospatu zuten Txapel Eguna Zizurkilen, pandemiako neurriak zirela eta, baina aurten ohiko datetara, martxoko bigarren larunbatera, itzuliko da. Txapel Eguna helburu bikoitzarekin sortu zen: batetik, txapela jantzita lagun giroan herritarrak batzea, eta bestetik, herri giroa sustatzen lan egiten duen talde edo pertsona bat eskertzea. Ziotza Pilota Eskola izango da aurtengo txapelduna.

Festa batzordeak erabakiaren inguruko arrazoiak azaldu ditu: «Zizurkilgo herrigunean edo Zizurkil goian ez dago aisialdirako aukera handia eta horietako bat izaten ari da azken urteetan Ziotza Pilota Eskola; Herriguneko zein Elbarrenako neska-mutilen elkargune, pilotan jolasteko giro euskaldunean. Ziotza Pilota Eskolan eman zituzten lehen pilotakadak gaur egun maila ederrean ari diren hainbat pilotarik, baina hori lortzeko pilota eskolaren ardura hartzen duten guraso eta entrenatzaileen lana ezinbestekoa da. Hori da hain zuzen festa batzordetik azpimarratu nahi duguna, pilota eskolak jarrai dezan hamaika herritarrek egin duten ahalegina eta uneotan egiten ari direna, herri giroari ekarpen garrantzitsua egiten diotelako. Txapelaren bidez, aurrera jarraitzeko indarra ere eman nahi diegu. 
Honela, aurtengo Txapel Eguna ezinbestean pilota hotsez jantziko da».

Egitaraua
  • 16:00. Txapeldunen mus lehia zentroan.
  • 16:30. Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian
  • 18:00. Pilota Partidak. Lehenik pilota eskolako kideak. Ondoren, afizionatuen pilota partida: Julen Alberdi eta Jon Erasun vs   Ander Perurena eta Julen Aizpuru
  • 21:00. Txapeldunen afaria Iriarte jatetxean. Prezioa: 30 euro. Txartelak salgai Iriarten.
    • Menua:
      • Arrain zopa
      • Oilaskoa patatekin
      • Etxeko tarta
      • Kafea eta txupitoa.
    • Prezioa: 30€ 

Afal ostean, Alex Intza 2020 txapeldunak (iaz ospatu genuen arren) jarriko die txapela Ziotza pilota eskolako kideei eta pilota eskola izango da 2023ko jaien hasierako txupinazoa botako duena. Jexux Mari Irazu eta Unai Mendizabal bertsolariek girotuko dute afal oste hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!