Hogeigarren urteurrena beteko du Blues Gauak

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 1a, 07:59

Zizurkilen XX. Blues Gaua egingo dute larunbatean eta pandemiaren ondoren tabernetara itzuliko dira kontzertuak; hiru saio izango dira 19:00etan hasita.

Zizurkilgo Blues Gaua XX. ediziora heldu da eta jaialdiak ohiko formatua berreskuratuko du larunbatean. Aurreko bi urteetan, pandemiak horrela behartuta, kanpoan egin dira kontzertuak eta aurten tabernetara itzuliko da ekimena. Atxulondo, Pasus eta Egarri tabernetan egingo dira kontzertuak. Larunbatean, otsailaren 4ean, 19:00etatik aurrera izango dira emanaldiak.

Udalak urte guzti hauetan mantendu duen ekimena izan da Blues Gaua. Blues musikaren zaleen artean erreferentzia dela aipatu dute udal ordezkariek: «Aurrekoetan izandako arrakastaren bidetik otsailaren lehen asteburuan musika beltzaren hotsak entzuteko parada izango da Zizurkilen». Espainiako, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko musikariak izango dira protagonista Blues Gauean.

Johnny Big Stone & Sweet Marta

Bartzelonatik Zizurkilera etorriko da larunbatean Johnny Big Stonek eta Sweet Martak osatzen duten bikotea. Blues akustikoa egiten dute eta musika genero horretako talde eta artisten bertsioak egiten dituzte, besteak beste, Jazz Guillum, Reverend Gary Davis, Blind Lemon Jefferson eta Blind Blake bezalako musikarien doinuak moldatuta.

Johnny Big Stone ezizen artistikoaren atzean dago Johnny Pedraza, ahots eta gitarra jotzailea. West coast estiloa jarraitzen du  eta T-Bone Walker artistaren eragina du instrumentista honek. Alboan, Marta Suñe edo Sweet Marta izango du ahotsarekin eta harmonikarekin lagunduz. Junior Wellsen teknika jarraitzen du harmonikarekin eta bere ahotsak Big Mama Thorton bezalako musikarien oihartzuna du.

Besteak beste, delta blues, piedmont blues eta old time country estiloetako abestiak eskainiko dituzte, 19:00etatik aurrera Atxulondo tabernan. 

Itziar Yague & Blues Quartet

Itziar Yague gasteiztarrak blues, soul eta gospel ikuskizuna dakar Zizurkilera. Estatu osoko jaialdi  eta areto entzutetsuetan parte hartu ondoren dator Blues Gauera. Dani Domingezek lagunduko du baterian, Fran Serranok kontrabaxuan eta Paul San Martinek pianoan. Arrakasta handiko Delicious diskoa kaleratu zuen 2020an eta aurten kaleratu du bere bigarren lan luzea, Girl like me izenekoa. AEBko Texaseko Greg Izor musikariak egin ditu ekoizpen lanak disko berrian.

Victoria Spivey, Bessie Smith, Albert Hunter eta Dinah Washington bezalako artista ospetsuen oinordekotzat jo dute Yague eta adituek diote eszenaratze «pertsonal eta hunkigarria» eskaintzen duela bere zuzenekoetan. Larunbatean 22:00etan ariko da Pasus tabernan.

Adrian Costa & Julian Maeso

Bi musikari elkartuko dira Blues Gaueko azkeneko emanaldian. Alde batetik Adrian Costa galiziarrak hartuko du parte. Besteak beste The Red Blues Band eta Tonky Blues Band taldeetan aritutakoa, Los Reyes del K.O. taldea sortu zuen 2000ko hamarkadan Marcol Coll harmonika jotzailearekin batera. Berlinen egonaldi luzea egin ondoren AEBra bidaiatu zuen musikari entzutetsuekin lan egiteko. Dantzarako doinuak eskaintzeko asmoa du Zizurkilen. 

Costak alboan izango du Julian Maeso organo jotzailea. Ibilbide luzeko musikariak blues-rock, country, funk eta jazz doinuak landu izan ditu. Musikari gisa M-Clan eta Quique Gonzalezekin batera aritu da. Bi musikariek elkarrekin emanaldia eskainiko dute larunbatean Egarri tabernan, 23:15etik aurrera.

Ondoren tabernetan, blues, rhythm and blues eta rock-and-roll estiloetako musika jarriko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!