‘Loreak belaunetan’ dokumentala ikusteko aukera, bihar

Ataria 2023ko urtarrilaren 26a

Argazkia: Lanartea.eus

Kulturaren zazpi ahots gazte dira dokumentaleko protagonistak; Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian izango da ikusteko aukera, 19:00etan.

Oihana Arana poeta eta bertsolaria, Amets Aranguren musikaria, Kattalin Barcena artista plastikoa eta musikaria, Dom Campistron irudigilea, Ekain Ibarguren aktorea, pailazoa eta malabarista, Iker Maguregi zinemagilea eta musikaria, eta Maddi Ane Txoperena kazetaria, idazlea eta bertsolaria dira Loreak belaunetan dokumentaleko protagonistak. 28 urtetik beherakoak guztiak, guztiak sortzaileak eta guztiak euskaldunak. Bihar izango da ikusteko aukera, Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean, 19:00etatik aurrera. 

Kulturaren zazpi ahots gazteek Amagoia Gurrutxagaren galderei erantzunak jarriko dizkiete, eta oinarrian honako galdera hauek izango dituzte guztiek: Zer izan nahi duzu handitan? Ume zirenean artista izan nahi ote zuten dokumentaleko zazpi protagonistek? Handiagotan ere kultura egiten eta interpretatzen ikusten al dute euren burua? Euren ametsak, ekinak eta ezinak azalduz, kultur mundua erakusten dute zazpi gazteek, baita etorkizuneko erronkak ere. 

Berrogei minutuko ikus entzunezkoa da, Amagoia Gurrutxagaren ideiari tiraka, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak ekoiztu duena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!