Hizkien aldeko aldarriarekin bat egingo dute umeek

Jon Miranda Labaien 2023ko urt. 25a, 07:59

Larunbatean Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian ‘Hizkien alde’ album ilustratuaren egileek tailerra eskainiko dute 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat

Larunbatean, urtarrilaren 28an, Hizkien alde album ilustratuan oinarritutako tailerra eskainiko dute Plazida Otaño liburutegian Goiatz Labandibar Arbelaitzek (Oiartzun, 1985) eta Iñaki Zapirain Retegik (Errenteria, 1982), liburuaren egileek. 11:30ean abiatuko da tailerra eta 6 eta 10 urte bitarteko haurrei bideratutakoa izango da. Parte hartzaileek manifestuarekin bat egin eta collage teknikarekin autorretratu bat egiteko aukera izango dute.

Denonartean argitaletxearekin atera dute Hizkien alde eta Manifestua azpititulua darama liburuak, Labandibarrek azpimarratu duenez, irakurtzearen eta idaztearen aldeko aldarrikapena baita bertan jaso nahi izan dutena. Bi zatitan dago banatuta liburua: lehenengoan irakurketaren aldeko hamar puntu biltzen dituzte, eta bigarrengoan beste dekalogo bat idazkuntzaren alde. «Keinu egiten diegu literaturak dituen alde ezberdinei eta agertzen ditugu poesiak, komikiak eta baita marrazkiak ere. Helduaroan kamustu egiten zaigu gaitasun hori, baina umeek ilustrazioak irakurtzen jakiten dute txiki-txikitatik», dio Labandibarrek.

«Ez gara lotsatuko irakurtzeagatik; gustatzen zaizkigun gauzak irakurriko dizkiegu lagunei; elkarrekin uneak partekatuko ditugu; nahi duguna irakurtzeko eskubidea aldarrikatuko dugu...». Gisa honetako aldarriak jaso dituzte liburuaren lehen partean. «Irakurketa jakin batzuetara bideratzen ditugu askotan haurrak eta zer irakurri aukeratzeko askatasuna da guk liburuan defendatzen duguna».

SORTZEKO AKUILU

Album ilustratuaren bigarren zatian, idatzi eta sortzeko umeek duten gaitasunean egiten dute egileek azpimarra. Zapirainek egin ditu liburuan agertzen diren ilustrazioak eta Labandibarren iritzian detaile askoko marrazkiak dira, ez dute testuan esaten dena erreproduzitu bakarrik egiten, osatu egiten dute kontatu nahi dena: «Collage teknika erabiliz egindakoak dira eta liburu eta egunkarien orriak erabili zituen Iñakik ilustrazioak egiteko. Beraz, badute metaliteratura kutsu bat ere, pertsonaiak hizkiz osatuta baitaude. Askotariko pertsonaiak osatzen dira eta horrekin aniztasuna irudikatu nahi genuen, mota askotako irakurle, idazle eta marrazkilariak egon daitezke haurren artean ere».

Liburuaren harira egileek sortu duten tailerrak ere bi zati ditu. Lehenengoan album ilustratuan jasotako manifestuaren inguruko iritzi trukaketa egiten dute gerturatutako haurrekin: «Elkarrizketa sortzen dugu eta oso polita izaten da, beti egoten dira parte hartzeko gogoz». Bigarren zatian, euren buruaren marrazki bat egiteko gonbita luzatzen diete umeei, collage teknika erabilita. «Hasieran kosta egiten zaie, nondik hasi ez dutelako jakiten, baina behin sormena libre uzten dutenean gauza benetan ederrak osatzen dituzte», dio Labandibarrek.

Tailerraren amaieran, Hizkien alde manifestua sinatzeko aukera ematen zaie parte hartzaile guztiei: «Momentuz egin ditugun saio guztietan haur guztiek sinatu dute manifestua, orduan, esan dezakegu badugula beraien adostasuna. Espero dugu Zizurkilen bilduko diren umeak ere bat etortzea guk bertan esandakoarekin».

Hizkien alde tailerra 6 eta 10 urte arteko haurrentzat pentsatuta dagoela dio idazle oiartzuarrak: «Kopuru mugatua jartzen dugu, material jakin bat erabiltzen dugulako, eta dinamikotasuna galdu ez dezan, saioak ezin duelako oso jendetsua izan. Adin muga hori zehazten dugu, 6 bat urterekin hasten direlako umeak irakurtzen. Malguak gara adin tartearekin, baina iruditzen zaigu adin horretako umeentzako dela aproposa saioa». Plazida Otaño liburutegira gerturatu beharko dute izen ematera larunbateko saioan parte hartu nahi duten umeek.

Orain arteko tailerretan erantzun oso positiboa izan dutela aipatu du Labandibarrek eta larunbatean Aiztondoko liburutegian egingo duten bezala, euren tailerra Tolosaldeko beste hainbat liburutegitara zabaltzeko prest daudela esan du. «Helburua da umeek segi dezaten irakurtzen, idazten eta marrazten. Badirudi adin batetik aurrera beste jarduera batzuk hartzen dutela garrantzia eta ahaztuta geratzen direla irakurtzea edo idaztea. Garrantzitsua iruditzen zaigu ikasgeletatik kanpora irakurzaletasuna bultzatzea, eta umeei azaleraztea gozatzeko bidea topatu dezaketela literaturan».

Horregatik eskertuta daude egileak Plazida Otaño liburutegian bezala, irakurzaletasuna bultzatzeko antolatzen diren ekimenekin: «Oro har ipuin kontaketa eta bestelako saioak antolatzen dira haurrentzat, tailerrak gutxixeago. Saiakera bat badago, ahalegin bat ere bai, baina mugak ere asko dira. Dena den, eginahal guztiak dira ongietorriak, umeek ez dezaten irakurtzea edo idaztea eskolako kontu batekin soilik lotu».

Larunbateko tailerrean parte hartzen ez duten umeek etxean landu ditzakete gai hauek guztiak album ilustratua eskutan hartuta eta hezitzaileen laguntzaz. Liburuaren amaieran agertzen den manifestua sinatzeko aukera izango dute, «beti, hizkien alde», nabarmendu du Labandibarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!