Totemak Plazida Otaño liburutegian

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 25a, 07:58

Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian, Motxila ibiltaria ekimenaren barruko misioari jarraituz, totemak osatu eta erakusketa antolatu dute otsailaren 6ra bitartean.

Aiztondoko liburutegiko Motxila ibiltaria ekimenak emandako fruituekin joan den astelehenetik ikusgai dago totemen inguruko erakusketa liburutegiko sarreran. Haurrek motxila barruan topatu duten misioari jarraituz zatiak sortu eta elkarrekin lotu ondoren sortu dituzten eraikuntzak ikusgai izango dira otsailaren 6ra arte.

Irene Urruzola liburuzainak aipatu duenez, motxila ibiltaria jaso dutenek, tamaina ezberdinetako zapata kaxak eta bestelako materialak jaso dituzte eta horiekin osatu ahal izan dute totemaren euren zatia. «Jakin dugu, zenbait kulturetan, Kanadako jatorrizko kulturetan, adibidez, ipuinak kontatzeko erabiltzen zirela totemak. Behetik gora, zatika, familiako pasadizoei buruz aritzen ziren haiei begira». Motxila ibiltarian parte hartu dutenek sortu dituzten zatiekin biribilean jarri dituzte eraikitako totemak, liburutegiko sarreran.

Plazida Otaño liburutegiko motxila ibiltaria zabaldu egin dute azkeneko hiruhilekoan, eta adineko pertsonak ere batu dira irakurzaletasuna sustatzeko ekimenera. «Kolore horiko motxila sortu dugu, argitasuna, poza eta energiaren isla delako. Iruditzen zaigu, adineko pertsonen artean ere sustatu daitekeela irakurzaletasuna. Batzuk asko irakurri izandakoak dira, eta beste batzuk berriz, ohituta daude istorioak entzutera. Haientzako egokitutako irakurgaiak sartuko dizkiegu motxilan».

Fraisoroko erabiltzaileek ere hartu dute parte ekimenean eta San Millan eskolako umeen bisita jaso dute duela gutxi. Umeek adinekoekin harremana izan eta eskulanak sortu dituzte. Elkarlanean egindako totem horietako batzuk ikusgai izango dira orain liburutegian. Adinekoek ere aurki itzuliko dute bisita Zizurkilgo Herriguneko eskolara eta Plazida Otaño liburutegitik ere egingo dute itzulia erakusketa ikusteko.

Ipuin kontaketa saioak martxotik aurrera

Garai batean egin ohi zuten bezala, liburutegiko txiki txokoan ipuin kontaketa saioak berreskuratuko dituzte martxotik aurrera, asteazkenero 17:30ean. Arantxa Zabala liburuzainak azaldu duenez, jatorri ezberdina duten bailarako herritarrekin jarri dira harremanetan haiek umeei ipuinak konta diezazkieten. «Ikusarazi nahi dugu azal kolore diferentea izanagatik, edo jatorria hemendik urrun izanagatik, euskaldun osoak badirela bailaran. Haiei eman nahi diegu haurrei ipuina kontatzeko aukera».

Aurreko urtean bezala, 2023a asmo berriekin abiatu dute Plazida Otaño liburutegian eta erronka jarri diete erabiltzaileei. Sei liburu irakurri beharko dituzte, liburuzainek proposatutako liburuen artean, bi hilean behin. «Irakurketa bakoitza bukatzen dutenean liburuaren laburpena bat bidali beharko digute eta urte bukaeran erronka bate dutenek saria jasoko dute», esan du Urruzolak. Haur zein helduek hartu ahal izango dute parte.  Efemerideekin lotuta proposatuko dituzte irakurgaiak eta urtarrila eta otsailean, Afrikarekin loturikoak landuko dituzte, urtarrilaren 24a, Kultura Afrikarraren eguna dela baliatuta.

Ikasturte honetan ere, aurrera darrai euskarazko tertulia literarioak, Oihana Iguaranek gidatuta. Hurrengorako irakurgaia ere erabaki dute taldean parte hartzen dutenek: Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori liburuaz arituko dira otsailaren 14a.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!