‘Zizurkilgo mugarriak’ hiru urteko ikerketa lana udalari eman diote

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 20a, 19:59

Zizurkilgo Hernandorena Kultur Taldeak hiru urtetan egin duen lana entregatu dio Zizurkilgo Udalari: Zizurkilgo mugarriak. 2019. urtean hasitako lana da, eta Julian Arrastoa Agote eta Joxin Azkue Gabilondo taldekideek Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko Yoseba Alonso Arratibel eta Javi Castro Montoyaren lankidetza izan dute guztia aurrera eramateko.

Lan mardularen ostean, hamarnaka mugarri aurkitu, azaleratu eta dokumentatu dituzte. 135 bat mugarri dira guztira ekitaldian zehaztu dutenez. Lan guzti hori aurrera eramateko, 2020an sinatu zuten Hernandorena Kultur Taldeak eta Zizurkilgo Udalak lankidetza hitzarmena. «Hiru urte politak izan dira; luzeak ere bai», azaldu du Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak. «Izugarrizko borondatezko lana egiten duzue, eta ez naiz inoiz nekatuko eskerrak emateaz zizurkildar guztien izenean, ez nirean soilik edo udal gobernuarenean», azpimarratu du. Era berean, hiru urteko bidean, «asko ikasi» duela aitortu du.

Mugarri zaharrak aurkitu, garbitu eta dokumentatu dituzte. Artxibategiko lan handia eskatu die horrek, baita mendi buelta asko ere. Hernandorena Kultur Taldearen izenean, Joxin Azkuek eskerrak eman dizkio udalari: «lau inozente bildu ginen, oso ondo non sartzen ari ginen ez genekiela». «Pozik» geratu dira azken emaitzarekin, eta eskerrak eman beharrean daudela dio Azkuek.

Adibidea bat jarri nahi izan du alkateak: «Herriko askok dakigu non dagoen Laumugarrieta. 1989. urtean jarri zen harria ez da mugarria; beherago zegoen, errepidearen lanketak tapatu zuen. Ehun urte eta gero, azaleratu egin da, eta benetako mugarria guztion bistara jarri da lan honi esker».

ZORTZI HERRI MUGAKIDE

Zizurkilek 26.649 metroko perimetroa du, eta 15,61 kilometro karratuko azalera. Zizurkilek zortzi herrirekin egiten du muga: Amasa-Villabona (3,2 kilometroko mugalerroa), Anoeta, Asteasu (7,1 km), Aia (3,6 km), Usurbil (2,6 km), Zubieta/ Donostia (584 metro), Andoain (2 km) eta Aduna (8 km). Guztira, eta ikerketa lanari esker, 135 bat mugarri eta mugagune deskribatzen dituzte.

Aia aipatu du Urruzola: «Inor gutxik zekien benetako mugarriak existitzen zirenik». Foru aldundiak berak ere ez dauzkala katalogatuta, eta lanketa honekin 45-50 topatu eta katalogatu dirrls nabarmendu du. «Lanketa hau ez da soilik zizurkildarrentzat. Lanketa hau benetan serioa da, foru aldundiarentzat ere baliagarri izan daitekeena da, eta harro egotekoa da».

Azkuek argitu du, batez ere, Aiako hiru baserritarren laguntza handia izan dutela, eta bereziki horietako batek izugarri lagundu diela sasiak garbituz-eta. Talde polita osatu dutela adierazi du Azkuek. «Lauron artean bat egiten dugu, eta bakoitzak bere lanak izan ditu, baina bestea gabe ezingo genukeen aurrera egin», azaldu du taldekideak. Elkarren lana aprobetxatzen jakin dute.

Egin beharreko lanari buruz, mugarri batzuk «oso errazak eta beste batzuk oso zailak» izan direla kontatu du Azkuek. «Batzuetara iristeko Amazonian sartzea bezala izan da», dio. Azpimarratu nahi izan dute, era berean, udal langileen laguntza ere izan dutela.

«Asko gorriz pintatu ditugu, jendeak jakin dezan ez dela harri soil bat, baizik eta mugarri bat dela eta errespetatu beharra dagoela». Antzinako toponimoekin ere topo egin dute ikerketan, eta horietara jo dute gaur egungoak erabili beharrean.

ARTXIBATEGIKO LANA

Hainbat eta hainbat artxibategitan aritu dira informazioa aurkitzen, eta aipamen berezia merezi du Orreagako Kolegiatan jasotako pergamino baten eta Zizurkilgo Udal Artxibategian gordetako beste pergamino baten arteko loturaren aurkikuntzak. Pergamino zati horiek elkarren osagarri dira, eta 1389an, Zizurkilek eta Orreagako Errege Kolegiatak beraien lursailen arteko mugalerroa zehazteko lortutako adostasuna jasotzen du.

Mugalerro horri jarraituz, Orreagako bakulua duten zenbait mugarri aurkitu dituzte.

GUZTIA HERRITARREN ESKURA

600 orrialdeko lana izan da udalari aurkeztu diotena. 300 bat orri mugarrien fitxa dira; mugarri bakoitzak bere azalpena du. «Beste 300 orriak mugarriak justifikatzeko erabili ditugun oinarrizko dokumentazioa dira», dio Azkuek. «Ez da guk esaten dugula mugarria hor dagoela, baizik eta dokumentatuta dagoela».

Ekitaldiaren amaieran Arrastoaren eskutik jaso ditu Urruzolak dokumentuak eta bideoak, eta gogorarazi dute, edozein herritarrek edota interesa duen edonork ikusi nahiko balitu, bai udaletxean eta baita liburutegian ale bana izango dela eskura.

Hernandorena taldearen helburu nagusietako bat dibulgazioa dela kontuan izanda, lan guztia zintzilikatua dute Hernandorena Kultur Taldeak duen Hernandorena.eus webgunean, Mugarriak atalean. Mugarri bakoitzak bere bideo laburra du: «Ahalik eta dibulgatiboena, bisualena eta atseginena egiten ahalegindu gara; irudi, plano eta xehetasun ugari txertatuz». Horrez gain, «erabili eta aipatzen diren dokumentu historikoak eta horien hitzez hitzeko transkripzioak amaieran erantsi ditugu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!