Herribizigunek Topagunea estreinatu du

Ataria 2022ko abenduaren 3a

Plazaetxeberri eraikineko behe solairuan kokatu dute Topagunea, eta aurrerantzean Herribiziguneko kideak bertan elkartuko dira euren ekimenak burutzeko.

Herribizigune elkarteak Topagunea inauguratu du Plazaetxeberri eraikinean. Orain arte, eraikin beraren txabola erabiltzen zuten elkarteko kideek inguruko ekoizleen produktuak banatzeko, eta aurrerantzean espazio zabalagoa izango dute, eraikinaren beheko solairuan.

Bada, Topagunea inauguratzeko sarrerako kartela bistaratu eta aurreskua dantzatu dute, eta ondoren, Elikadura sarearen hiru urteko ibilbidea erakutsi dute irudietan. Horrekin batera, jan-edana ere izan dute bertaratu diren herritarrek. 

Elikadura sarea sortu zenetik hiru urte pasa dira eta gaur egun 40 bazkide inguru ditu. Astero-astero inguruko ekoizleek eskaintzen eta eramaten dituzten produktuak hartzen dituzte bazkideek. Hemendik aurrera, Topagune berrian egingo dute asteroko banaketa. 

Duela hiruzpalau urte sortu zuten Zizurkilgo Herriguneko herritar batzuk Herribizigune elkartea, herritar batzuk herriko komunitatearekiko kezkari ekarpen praktikoa eman nahian. Hilabete batzuk beranduago sortu zuten bertako eta hurbileko produktuak sustatzeko Elikadura sarea. Elikadura sarean hirugarren urteurrenaren harira, egoitza berria irekitzearekin batera, Desazkundearen beharra erakusketa jarri dute, Gorka Egiaren Ekologista naiz baina... hitzaldi-tailerra izan dute, eta Herritarron jakintza eskuetatik eskuetara paper tintaketa tailerra egin dute.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!