Herribizigunek Topagunea zabalduko du Plazaetxeberrin

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 30a, 11:51

Elikadura sarearen hirugarren urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan inauguratuko dute Topagunea, larunbatean 18:00etan.

Herribizigune elkarteak Topagunea inauguratuko du larunbatean Plazaetxeberri eraikinean. Gaur egun, eraikin beraren txabola erabiltzen zuten elkarteko kideek inguruko ekoizleen produktuak banatzeko. Hemendik aurrera Plazaetxeberri eraikinean zabalduko duten Topaguneko sarrerako kartela inauguratuko dute larunbatean 18:00etan. Lokala zabaldu eta Elikadura sarearen hiru urteko ibilbidea irudietan emango dute. Gainera, bertako ekoizleek eskainitako produktuekin egindako pintxoak eta edaria banatuko da bertaratutakoen artean.

Elikadura sarea sortu zenetik hiru urte pasa dira eta gaur egun 40 bazkide inguru ditu. Astero-astero inguruko ekoizleek eskaintzen eta eramaten dituzten produktuak hartzen dituzte bazkideek. Orain arte Plazaetxeberriko txabolan egiten zuten asteroko banaketa, baina hemendik aurrera eraikin berean izango du Herribizigunek Topagunea. 

Duela hiruzpalau urte sortu zuten Zizurkilgo Herriguneko herritar batzuk Herribizigune elkartea, herritar batzuk herriko komunitatearekiko kezkari ekarpen praktikoa eman nahian. Hilabete batzuk beranduago sortu zuten bertako eta hurbileko produktuak sustatzeko Elikadura sarea. «Hasiera oso xumea izan zen, baina poliki-poliki, esperientziaren eskarmentuaren bidea jarraituz, webgune bat sortu genuen».

Larunbatean 18:00etan egingo dute inaugurazioa baina Elikadura sarearen hirugarren urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu du Herribizigunek astebururako:

  • Abenduak 2, ostirala
    • 18:00. Plazaetxeberriko  Topagunean, Desazkundearen beharra erakusketaren inaugurazioa.
    • 19:00. Gorka Egiaren Ekologista naiz baina... hitzaldi-tailerra Plazaetxeberriko tailerrean
  • Abenduak 3, larunbata
    • 10:00. Herritarron jakintza eskuetatik eskuetara paper tintaketa tailerra Plazaetxeberriko Topagunean.
    • 18:00. Topagunearen inaugurazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!