Tasek %1,5eko igoera orokorra izango dute Zizurkilen

Ataria 2022ko urr. 31a, 13:00

Hondakinen tasa izango da igoerarik handiena izango duena, baina hobariak ere igo egin dira.

Urriko osoko bilkuran udal tasa berriak onartu ditu Zizurkilgo Udalak.  Hondakinen tasa orokorra 75 eurokoa izan da 2022an eta, datorren urtean 80 eurokoa izango da. %6,6ko igoera suposatzen du horrek. Hobariek ere igoera nabarmena izan dutela ohartarazi dute udal arduradunek. Hobari etxetiarra, hondakinak ondo sailkatuta ateratzeagatik ezartzen dena, 53,5 eurokoa izango da. %9,18ko igoera suposatzen du horrek. Hondakin organikoa etxean kudeatzen dutenek berriz, 58,5 euroko hobaria izango dute 2023an, iazko baina %7,33 gehiago. Merkatariek, bestalde, %10eko hobaria izango dute euren hondakinen tasan, bereizketa egokia egiten badute.

Zerga berdearen onarpena

Ondasun higiezinen gaineko %50eko hobaria ezarri du Zizurkilgo Udalak, euren kontsumorako izango den energia sortzeko, aprobetxamendu termikorako edo elektrikorako sistemak jartzen dituzten etxebizitzentzat. Hobari hori, sistema martxan jartzen denetik bost urtean aplikatuko da eta jasotzen hasteko epea, eskaria egin eta hurrengo urtean hasiko da

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari dagokionez, bestalde, %95eko hobaria jaso ahal izango dute autokontsumorako energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemak erabiltzen dituztenek (eguzki-energia, haize-energia, eta abar). Dena den, hobari hau aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da beroa sortzeko instalazioak administrazio eskudunak homologatutako kolektoreekin hornituta egotea

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan ere, hobari bereziak onartu dituzte. Batetik, motor elektrikoa duten ibilgailuek %55eko hobaria izango dute zerga kuotan, lehen aldiz matrikulatzen direnetik hasita bost ekitalditan zehar. Bestetik, motor hibridoak dituzten ibilgailuek eta erregai gisa gasa erabiltzen dutenek, gas naturala, petroliotik likidotutako gasak zein bioetanola erabili, %45eko hobaria izango dute zerga kuotan, lehen aldiz matrikulatzen direnetik hasita bost ekitalditan zehar.

Urriaren 24ko osoko bilkuran, bestalde, 2021eko likidazio txostena ere onartu zuten. Txosten horrek jasotzen duenez, udalaren zorpetze maila %11,84ra jaitsi da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!