Euskal eskola publikoa babestu du Zizurkilgo udalbatzak

Ataria 2022ko urriaren 31

Herriko hezkuntza eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Zizurkilgo Udalak 

Zizurkilgo udalbatzak euskal eskola publikoaren aldeko jarrera «argia» adierazi du. Zizurkilgo hezkuntza komunitatearen «oinarritzat» hartu dituzte Herriguneko San Millan eskola txikia eta  Pedro Mari Otaño herri eskola eta nabarmendu dute udalak ikastetxe hauei ematen dien garrantziaren seinale direla azken hilabete hauetan eskola horietan egin diren hobekuntzak.

Norabide horretan jarraitzeko eskatu du udalbatzak, «ikastetxe ezberdinen arteko elkarlana sustatuz, ikastetxe ezberdinak izanda ere, herri batek batzen gaituela senti dezagun».

Sozialistei erantzunez

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo talde sozialistek Zubimusu ikastolan detektatutako irregulartasunei buruzko mozioa prestatu eta Zizurkilgo urriko osoko bilkuran aurkeztu dute. Besteak beste, udal gobernuari eskatzen diote udal eskola kontseiluan udalerriko ikastetxeen matrikulazioa azter dezan eta txosten bat egin dezan urtero ikastolari eta guraso elkarteari ematen zaizkion diru laguntzen inguruan.

Sozialistek aurkeztutako mozioari erantzunez adostu dute Zizurkilgo EH Bilduko eta EAJko udal taldeek testua eta bertan zehazten dute udalak Zubimusu ikastolarekin lankidetza hitzarmen bat duela, «publikoa dena, urtero berrikusten dena eta ondo justifikatuta dagoena».

Herriko hezkuntza eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu eta uneotan lantzen ari den hezkuntza lege berriaren harira, eztabaida elkarrizketa bidez gara dadila eskatu dute EH Bildu eta EAJren udal taldeek. «Lege hori alderdi eta hezkuntza eragileen arteko elkarrizketaren bidez gara dadila eskatzen dugu, datozen hamarkadetako hezkuntzaren oinarriak ahalik eta elkarbanatuenak izan daitezen, euskara eta integrazioa ardatz hartuta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!