Liburutegien eguna ospatuko dute Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 20a, 07:57

Astean zehar Plazidaren mozorro jolasa eta larunbatean 'Infinitua ihi batean' liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute

Urriaren 17tik 22ra, Plazidaren mozorro jolasa egingo dute Aiztondoko liburutegian. Maria Altuna Lizarragak sortutako Plazida Otañoren irudia, ipuinetako pertsonaien arroparekin mozorrotu dute eta umeek zertaz mozorrotuta dagoen asmatu beharko dute. Jolasa 6 eta 10 urte arteko haurrei zuzenduta dago eta mozorro guztiak asmatzen dituztenei opari bana emango diete datorren astelehenean, Liburutegien Egunean.

Arantxa Zabala liburuzainak aipatu duenez, dozena bat irudi jarri dituzte liburutegian barreiatuta eta haiei begiratuta asmatu beharko dute umeek zertaz mozorrotuta dagoen Plazida. Erantzunekin fitxa bat bete beharko dute ondoren eta liburuzainei entregatu. «Asmatzen dutenen artean banatuko ditugu opariak, hain zuzen, jolas honetarako prestatu ditugun irudiekin ateratako kamisetak banatuko ditugu umeen artean», esan du Zabalak. «Ilusio handiz hartzen dute ekimena eta oso ezagunak diren fikziozko pertsonaiak ezagutzeko aukera ematen diegu umeei».

Bestalde, Liburutegien Eguna aitzakiatzat hartuta egunotan Plazida Otañora bisita egiten ari dira eskola umeak. Asteartean Otaño herri eskolako 3 eta 4 urte arteko ikasleak gerturatu ziren liburutegira eta Iraitz Lizarraga herritarrak kontatutako ipuina entzun zuten. Gaur San Millan eskolako eta Zubimusu ikastolako umeak dira joatekoak eta Lurdes Gorostegi ariko zaie ipuina kontatzen.

IRAKURKETA JARRAITUA

Larunbatean, hilaren 22an, 11:00etatik aurrera liburutegian, Irene Vallejok idatzi eta Fernando Reyk itzulitako Infinitua ihi batean liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute. «Liburutegian ditugun bi irakurle taldeak, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, uztartu nahi ditugu ekimen bakarrean». Fernando Rey larunbatean Zizurkilen izango da eta gaztelaniazko irakurle taldeko dinamizatzaile den Monika Leivak elkarrizketatuko du itzultzaile nafarra.

«Omenaldi bat egin nahi diegu gure itzultzaileei, itzulpen on batek irakurleak egiten baititu», esan du Plazida Otañoko liburuzainak. Irakurketa jarraitua egingo dute bi hizkuntzetan, Infinitua ihi batean liburuaren pasarte ezberdinak aukeratuta. Lau multzotan egingo dute saioa eta tarteetan Loatzo musika eskolako bi musikari ariko dira. Goiza hamaiketako batekin bukatuko dute. «Ekimen ezberdina da, 16 pertsonak hartuko dute parte irakurketan eta ondo joatea espero dugu», aipatu du Zabalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!