Zizurkilgo herrigunea azoka bilakatu da

Leyre Carrasco 2022ko urriaren 9a

Hogeita laugarren edizioa ospatu dute goizean, eta 33 postu izan dira herrian zehar. San Millango belazean gune berri bat jarri dute aurtengoan, gainera; lehen aldiz, Pottoka euskal arrazaren erakusketa izan da eremu horretan.

Eguraldia lagun izan dute goizean Zizurkilen, eta giro ederrean ospatu dute XXIV. Azoka Berezia. Zimiterioa, Pedro Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekua poztuz bete da. Baserrietako produktu freskoak, eta elikagai eta artisautza postu gehiago ere izan dira tartean, eta guztira 33 postu izan dira aurtengoan. Berrikuntzak ere izan dira edizio berri honetan, eta aipatutako lau gune horiez gain, gune berri bat gehitu dute azokan: San Millango belazea. Azken eremu horretan, lehen aldiz, Pottoka euskal arrazaren erakusketa jarri dute, eta pottoka gainean ibiltzeko aukera izan dute haur eta gaztetxoek.

Urtero bezala, elkartasunerako tartea ere egon da azokan. Batetik, El Salvadorren aldeko talo postua jarri dute plazan. Bestetik, El Salvadorreko Henry Ortiz eta El Barrial ikastetxeekin senidetuta dauden Zizurkilgo Pedro Mari Otaño eta San Millan ikastetxeek haien aldeko postuak ere jarri dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!