Zizurkilgo Herrigunea azoka bilakatuko da igandean

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urr. 4a, 12:41

Hogeita laugarren edizioa ospatuko dute eta 33 postu izango dira aurten. San Millango belazean gune berri bat jarriko dute; lehen aldiz, Pottoka euskal arrazaren erakusketa jarriko dute eremu horretan.

Urria hastearekin batera, zizurkildarrek gertu dute urteko ekitaldi garrantzitsuenetako bat: XXIV. Azoka Berezia. Hilaren 9an ospatuko dute, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, «indartsu» dator aurtengo edizioa. Iaz bezala, goizez egingo da; 10:30ean irekiko ditu ateak, eta 14:30eak arte egongo dira zabalik postuak. Zimiterioa, Pedro Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekuaz gain, gune berri bat ere hartuko du azokak: San Millango belazea. Azken eremu horretan, lehen aldiz, Pottoka euskal arrazaren erakusketa jarriko dute, 12:00etatik 14:00etara. Bertan, gainera, pottoka gainean ibiltzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek.

Erakusketa honek, abere horien ezaugarriak ezagutzeko aukera eskainiko duela adierazi du Nerea Lertxundi Pottokazale Elkarteko ordezkariak: «Euskal Herriko poney arraza da Pottoka, animalia lirain eta indartsua; Euskal Herriko inguruneari oso ondo egokitua, eta aldi berean, ingurune berezi honen eraginez zaildu eta moldeatua. Ondo osatutako animalia da, gorputz gihartsu eta sendoa duena; izaeraz, berriz, azkarrak, leialak eta erresistentzia handikoak dira. Historian zehar eginkizun askotarako erabili izan dute: gainean ibiltzeko, ehizarako, nekazaritza lanetarako, meatzeetan bagoiei tiraka aritzeko, haragitarako, eta azken aldian, larreak eta mendiak garbi mantentzeko erabiltzeaz gain, zenbait ekitazio jardueratan ere ikus daitezke».

Beste guneei dagokienez, Teodoro Hernandorena kalean jaki postu desberdinak jarriko dituzte: barazkiak, gazta, eztia, ogia... «Zizurkilen bertan ekoitzitakoak izango dira batzuk; beste batzuk, berriz, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako ekoizleek egindakoak izango dira. Zizurkilgo Azokak garrantzia berezia ematen dio produktuari. Hori dela eta, gertuko produktua eta kalitatezkoa erosteko aukera izango da». Bestalde, artisauen postuak Intxaur pilotalekuan kokatuko dituzte, babesean. Egur lanak, bitxiak edota arropak ikusi eta erosteko aukera izango da. Tartean, beira erakustaldia eta xaboien tailerra izango dira bi artisauren eskutik.

Elkartasunerako tartea ere egongo da azokan. Batetik, El Salvadorren aldeko talo postua jarriko dute plazan. Bestetik, El Salvadorreko Henry Ortiz eta El Barrial ikastetxeekin senidetuta dauden Zizurkilgo Pedro Mari Otaño eta San Millan ikastetxeek haien aldeko postuak jarriko dituzte.

  •  

Autobusa, doan

10:15ean hasita, doako autobus zerbitzua martxan izango da goizean zehar, herrigunera iritsi ahal izateko. Bi geldialdi egingo ditu Elbarrenan: Bulandegi bideko biribilgunean eta Zubiaurretxon. Autobusa joan-etorrian ibiliko da goiz guztian zehar, 15:00rak arte. Zizurkilgo Udalak autobus zerbitzua erabiltzeko gonbita luzatu die azokara gerturatu nahi duten guztiei.

Aparkalekuak

Auto partikularren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin eskatu du udalak. Hori dela eta, Elbarrenan, Gashor enpresaren inguruan autoa utzi eta autobusa erabiliz gerturatzeko gonbita luzatu dute. Nolanahi ere, autoz gerturatu nahi dutenengan pentsatuta, bi aparkaleku nagusi prestatuko dituzte. Elizaren atzealdeko aparkalekuan, zenbait leku gordeko dituzte ezintasun bat dutenentzat. Gainerakoan, Perot lantokian ere izango da autoak uzteko aukera.

Bisitari bereziak

Iker Urruzola alkateak aurreratu du igandea «egun berezia» izango dela herritarrentzat; hori dela eta, eskerrak eman dizkie eguna bera antolatzen ari diren boluntario eta udal teknikari eta langileei. Aurten, zizurkildarrek bisitari bereziak izango dituzte azoka berezian. 2014az geroztik, Gironako Llado herriarekin senidetuta dago Zizurkil. «Bi urteko geldialdiaren ondoren, senidetze eguna berreskuratu nahi dugu, eta aurten hain preziatua dugun azokara gonbidatu ditugu, gure herriko kultura eta produktuak ezagutu ditzaten».

Egitaraua

  • Urriak 6, osteguna
    • 19:00. Hitzaldia: Amaiur 500 urte. Manex Arrastoa, Mikel Legorburu eta Maite Errarte, Aranzadiko kideen eskutik, Iriarte Kultur Etxean.
  • Urriak 8, larunbata
    • 19:00. Senidetzea berresteko ekitaldia eta ongi etorria, Joxe Arregi plazan, trikitilariek lagunduta. Jan-edana egongo da.
  • Urriak 9, igandea
    • 10:30-14:30. XXIV. Azoka Berezia. Baserriko produktuak eta artisauak. Beira erakustaldia eta El Salvadorren aldeko talo postua.
    • 12:00-14:00. Pottoken erakusketa eta umeentzat pottoka gainean ibiltzeko aukera. Xaboi tailerra haurrentzat.
    • 10:15-15:00. Autobusa doan, Bulandegi Bideko biribilgunean edo Zubiaurretxotik Zizurkilgo Herriguneko plazara.
  • Urriak 10, astelehena
    • 9:00. Amaiurrera bisita, oroitarria eta museoa ikustera. Irteera Joxe Arregi plazatik. Edonor joan daiteke bere autoan, aurrez izena eman gabe.
  •  Urriak 11, asteartea
    • 21:00. Senidetze afaria Zabala sagardotegian. Izen-ematea: Iriarten eta Egarrin.

Azokako postuen zerrenda

  • Axun Jauregi Aranburu. Burdingintza. Urnieta.
  • Gorakat. Artisaua. Elorrio.
  • Marrak. Artea eta sormena. Usurbil.
  • Juan Pedro Ugarte Maisterrena. Piloten saskigilea. Irun.
  • Argia badago. Beira. Irun.
  • Kaori faktoria. Artisautza, joskintza, oihal afrikarrekin egindako osagarri eta jantziak. Amasa-Villabona.
  • Amlu. Artisautza eta diseinua, 3D inprimagailuarekin egindako belarritakoak eta 3d oihalarekin egindako osagarriak. Amasa-Villabona.
  • Sualma. Artisautza eta jostailugintza. Amasa-Villabona.
  • Kuttunart. Bitxigintza. Barakaldo.
  • Otero Pilotagilea Kooperatiba Elkartea. Pilotagilea. Anoeta.
  • Kuia Lamparas. Artisautza. Uzkiano.
  • Mirari Errondosoro Echave. Oihalgintza (Gyotakuak, estanpatuak, joskintza) eta biomaterialak. Amasa-Villabona.
  • Hartara, Jone Olabarri Gaona. Ehungintzako osagarriak. Eibar.
  • Loratu, eskuz egina. Kobre esmalteztatuzko bitxiak.
  • Arratibel estudioa. Ehungintza. Donostia.
  • Bittor Arrieta. Egur-taila. Donostia.
  • Maripanpoxa. Telazko osagarriak. Zumaia.
  • Helena Agell. Koadernaketa eta propuse alternatiboak. Amasa-Villabona.
  • Trok larrua. Larrua. Areso.
  • Ehunduz bitxiak. Moda, jantziak eta bitxigintza. Gabiria.
  • Alonso Murillo. Pintura. Ibarra.
  • Anuhel. Artisautza-xaboiak. Gasteiz.
  • Ziku Bitxiak. Bitxigilea. Ereñotzu, Hernani.
  • Igor Unanue Osoro. Egur-artisautza. Nafarrete (Nafarroa).
  • Felix Barcina. Artisautza. Arrasate.
  • Arantza Munita. Zeramikagilea. Tolosa.

Zizurkilgo artisauak:

  • Juani Alkorta. Eskulanak.
  • Luixi Goikoetxea. Bitxiak.
  • Dario Arteta Alba. Motxilak eta koadroak.

Bestelakoak:

  • San Millan Ikastetxea.
  • Pedro Mari Otaño ikastetxea.
  • Divinas, Nigeriako Emakumeen Gipuzkoako Kultur Elkartea.

Jakien postuak:

  • Rosa Mari Carretero. Baratza. Zizurkil.
  • Josefa Imaz. Baratza. Zizurkil.
  • Xabier Eñaut Lizarribar. Baratza. Zizurkil.
  • Fraisoro Nekazal Eskola. Baratza. Zizurkil.
  • RBLD Sagardoak. Zizurkil.
  • Garazi loradenda. Zizurkil.
  • Ximun Iribarne. Pateak. Nafarroa Behera.
  • Basoan. Onddoak. Iruña Oka.
  • Zituene. Pasta. Errenteria.
  • Olalde Artegia. Gazta. Legorreta.
  • Iparra Beer. Garagardoa. Anoeta.
  • Eguzkileire. Ogia eta gozoak. Amezketa.
  • Balerdipeko erleak. Eztia. Bedaio.
  • Argaia Goena. Haragia. Amezketa.
  • Aspilla. Baratza ekologikoa. Andoain.
  • Larreta esnekiak. Orendain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!