«Aho zapore onarekin» bukatu du Otaegik bere azken pentatloia

Imanol Garcia Landa 2022ko irailaren 26a

Joseba Otaegi Euskal Pentatl 2 1664213791691
Joseba Otaegi Euskal Pentatl 1 1664213791071
Joseba Otaegi Euskal Pentatl 3 1664213791916
Joseba Otaegi Euskal Pentatl 4 1664213792108
Joseba Otaegi Euskal Pentatl 5 1664213792316

Bosgarren egin du zizurkildarrak Euskal Pentatloi Sarian. Azpeitian jokatutako finaletan, Izeta VI.a gizonezkoetan eta Nerea Arruti emakumezkoetan izan dira irabazleak.

Joseba Otaegi zizurkildarrak bere azken euskal pentatloia jokatu zuen larunbatean, Azpeitian, bosgarren amaituz. «Sentsazioak onak izan ziren», esan du Otaegik. Prestakuntzaz «justu» iritsi zela gaineratu du, eta gainera, aurreko astean tripetako arazoekin egon zela: «Horrek dezente indargabetu zidan eta horren ondorioz ezin izan dut entrenatu nahi bezala. Gehiago zentratu naiz indartzen, entrenamenduak egiten baino, kanporaketatik finalera bitartean».

Finalean 100 kiloko bola jasotzearekin zuen beldur pixka bat zizurkildarrak: «Lasai jasotzera joan nintzen, eta baliogabe bat ere egin nuen, baina azken jasoaldietan izan zen. Balekotzat eman dezaket egindako lana. Giza proban ere gehiegi hustu gabe aritu nintzen, eta hortik aurrera disfrutatu egin nuen». Hirugarren parte hartzea zuen hau, eta orain arte ez bezala, «gozatu» egin zuela esan du. «Aizkoran libre sentitu nintzen, ez nuen beste urteetako presiorik eta buruz ere lasai aritu nintzen. Txingatan ondo sentitu nintzen, eta korrika ateratzerako nahiko garbi zeuden postuak, eta ahal nuen lan onena egitera joan nintzen». Jakitun bere azken pentatloia zela, ahal zen neurrian eguna bizitzen saiatu zen: «Zaleak eta giroa horretarako zegoen, eta gozatu egin nuen. Oso aho zapore onarekin geratu nintzen».

Otaegik bosgarren postua 37.52 eginez lortu zuen. Izeta IV.ak irabazi zuen, 31.36ko denbora eginez, historiako hirugarren denborarik onena. Bigarren, Julen Gabirondo, 32.43rekin; hirugarren, Xabier Zaldua, 32.58rekin; laugarren, Zelai IV.a, 35.55rekin; eta seigarren, Aritz Irazabal, 40.05ekin. Emakumezkoetan Nerea Arrutik irabazi zuen, 21.09rekin; bigarren, Zelai III.a, 23.22rekin; eta hirugarren, Lucia Orbe, 25.18rekin.

Argazkiak: MAIALEN ETXANIZ/UROLAKO KOMUNIKAZIO TALDEA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!