Joseba Otaegi finalean egongo da

Ataria 2022ko irailaren 6a

Jokin Urretabizkaiak hilaren 24ko finala ez jokatzea erabaki du. Bere lekuan hurrengo sailkatua sartu du antolakuntzak.

Gizonezkoen Euskal Pentatloiaren sei finalistak erabakita geratu ziren joan den larunbatean. Kanporaketa Azpeitian jokatu zen eta eskualdeko bi ordezkariak kalean geratu ziren, Joseba Otaegi (7.) eta Iñaki Errazkin (8.). Antolakuntzatik azaldu dutenez, ordea, Jokin Urretabizkaia Basozabalek uko egin dio finala jokatzeari, «ez baitago baldintza egokietan proba hori egiteko». Ondorioz, zazpigarren sailkatuari eman diote hilaren 24ko hitzorduan egoteko aukera. Hori, Joseba Otaegi da, eta beraz, zizurkildarra Azpeitiko finalean egongo da. Besteren batek kale egingo balu, Iñaki Errazkin ere bertan izango da.  


Bi final
22:00etan hasiko dira bi finalak. Gizonezkoetan Xabier Zaldua, Izeta VI.a, Julen Gabirondo, Aitzol Atutxa, Zelai IV.a eta Joseba Otaegi lehiatuko dira. Euskal pentatloiaren bosgarren edizioa izango da. Emakumeek bigarrena jokatuko dute, eta lehian, Lucia Orbe, Nerea Arruti eta Karmele Gisasola ariko dira. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!