Zizurkil Elbarrenako jaiak 2022

Bost talde ariko dira IV. Melokotoi Errugbi Topaketan

Ataria 2022ko abu. 31a, 13:34

Iazko Melokotoi Topaketan jokatutako norgehiagoka baten une bat.

Danena futbol zelaian ariko dira errugbian jokatzen La Unica (Iruñea), Stade Hendayais (Hendaia), Ordizia, Hernani eta Bera Bera (Donostia) taldekoak larunbatean, 11:00etatik aurrera. Ondoren hirugarren denbora izango da, paella jatearekin, Joxe Arregi plazan.

Topaketa Zizurkilgo Udala, Danena futbol taldea eta Bera Bera errugbi elkartearen artean antolatzen dute, emakumezkoen kirola eta errugbia bultzatzeko helburuarekin. Topaketa izaera ematen zaio, eta ez txapelketarena. Izan ere, denboraldiaurrea hasi berritan, taldeek martxa hartzeko aproposena baita lehiaketa kutsua duen edozer ekiditea eta jokatzearen sentsazioak-eta hartzea.

Oihane Setien Bera Bera errugbi taldeko kapitaina eta antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, "denboraldiaurreko hitzordu garrantzitsuenetakoa da. Emakumezkoen kirolean denboraldi bakoitza erronka bat da. Izan ere ez baitakigu 15, 7 edo 28 izango garen. Horretarako onena, horrelako data bat edukitzea izaten da, taldean elkartu, beste taldeekin jokatu, sentsazioak hartu eta Zizurkilgo herriak eskaintzen duen hirugarren denbora oparoaz gozatzeko parada ematen digu". Izan ere, emakume talde askoren egoera prekarioa izan ohi da denboraldi hasiera bakoitzean, eta Melokotoi Topaketak lur hartzeko balio izaten die.

Topaketa 11:00etan hasiko da eta bost taldeen artean erabakiko dute zein izango den formatua. Talde guztiek jokatzen dute lehen mailan. Ahal dela, guztiek guztien kontra jokatu nahi izaten dute, 15 edo 20 minutuko neurketak jokatuz. "Partidak politak izaten dira, nahiko lotsagabe jokatzen baitute, ez dagoelako emaitzaren presiorik", azaldu du antolakuntza taldeko kidea den Xabier Etxanizek. "Jendeari animatzen diogu larunbatean Zizurkilera etortzera, ondo pasatzeko aukera izango duelako". Norgehiagokak ikusteko sarrera doan izango da.

Kirola eta festa uztartzen dira gainera modurik onenean, eta jokalariek hirugarren denboraz gozatzen duten bitartean, Joxe Arregi plazan plazan paella janez, berriro kirol ekintzarekin "fidelizatzeko” balio izaten die. Izan ere, errugbian, partida amaitu ondoren aurkariak elkartzen diren tarteari deitzen zaio hirugarren denbora. "Elkarrekin zerbait hartu ohi dugu, kiroltasun giroan", esan du Etxanizek. "Melokotoi Topaketan paella herrikoia izaten da eta ondoren tarte bat izaten da dantzarako, kanturako eta karaokea egiteko". Edozeinek hartu dezake parte bazkarian eta txartelak salgai daude Egarri eta Pasus tabernetan.

Bestalde, Etxanizek ere gogora ekarri du Euskal Herri osoko izaera duela topaketak. "Aurten Hendaia etorriko da, adibidez, eta saiatuko gara Euskal Herriko ligan ere jokatu dezala", esan du, "nazio eraikuntzan, errugbian ere Iparraldeko eta Hegoaldeko taldeek batera jokatu dezaten".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!