Zizurkil Elbarrenako jaiak 2022

Jaietan murgiltzeko egunak geroz eta gertuago dituzte Zizurkilen

Ataria 2022ko abu. 31a, 11:59

Irailaren 7an lehertuko da txupinazoa, Uliazpiko kideen eskutik; aurten, Jai Batzordeak Bernarda Usabiaga omendu du etxez etxe banatu duten egitarauaren azalean. Jaiak martxan jarri aurretik, ordea, hainbat ekitaldi izango dituzte, motorrak berotzen joateko.

Iritsi da festez gozatzeko aukera Zizurkilgo Elbarrenako bizilagunentzat. "Murgil gaitezen jai giroan motxilak erantzita, lana, zama eta buruhausteak alboratuta", adierazi dute udaletik. Egun horiek askatasunez bizitzeko deia ere luzatu dute. "Elkar zaindu eta eraiki dezagun espazio segurua festaren plazan, aske eta libre dantza, kanta eta jolas dezagun".

Herriko nahiz bertaratuko diren festa zale guztientzat askotariko eskaintza antolatu du Zizurkilgo Jai Batzordeak. "Zizurkilgo jaiak bizi dituenak gogokoen duena antolatuz eta nahi eran parte hartuz bizi dira. Elbarrenan barrena dena ez da taberna. Parte hartzeak ez al du merezi? Herri afaritik hasi, eta blusak gainean jantzi, aitzakiak alde batera utzi, ez baita gutxi!”. Asteazkenetik aurrera, beraz, herriko kuadrillen blusek jantziko dituzte egitarauko ekintzak kolorez.

Kros mistoa

Zizurkilgo XIII. Kros Mistoa irailaren 5ean izango da, astelehena, 19:00etan. 5 kilometroko luzera izango du ibilbideak eta korrikalariek lau itzuli emango dizkiote zirkuituari. Aurretik, haurren lasterketa (2009. urtean edo ondoren jaiotakoak) izango da. Izen-ematea dohainik izango da lasterketa hasi baino ordubete lehenago. Amaieran, lehenengo hiru bikoteentzako sariak banatuko dira, eta hauekin batera afarien zozketa egingo da. Dutxatzeko aukera ere egongo da.

Errugbi topaketa

Larunbat honetan, IV. Melokotoi Errugbi Topaketa egingo dute Danena futbol zelaian. 11:00etan hasiko da eta Stade Hendayais, Hernani, La Unica, Bera Bera eta Ordizia taldeek hartuko dute parte. Ondoren, hirugarren zatia (bazkaria) izango da Joxe Arregi plazan. Otordurako txartelak salgai daude Atxulondo, Pasus eta Egarri tabernetan.

Zapiak eta poltsa berriak

Urtero bezala, festetako zapiak egin ditu Jai Batzordeak, eta egun hauetan, herriko tabernetan egongo dira salgai, 3 euroren truke. Larunbatean, irailak 10, Jai Batzordeak egindako poltsa berriak jarriko dituzte salgai, 5 eurotan. Azkenik, barrakak ere egongo dira festetan. Bidaia bakoitzak 1,8 euroko balioa izango du, eta haurren egunean, irailaren 8an, euro bat balioko du bidaia bakoitzak.

Zenbait ohar

Festei ekin aurretik, baina, Zizurkilgo Udalak zenbait ohar kaleratu ditu, ekitaldietan parte hartu nahi dutenentzat:

  • Irailaren 3an izango den errugbi topaketako hirugarren denborako bazkarirako tiketak ohiko lekuetan eskuratu daitezke, irailaren 1a baino lehen.

  • Marrazki lehiaketan parte hartu ahal izateko, irailaren 5ean (astelehena) banatuko dituzte orriak, haurren kroseko izen-ematearekin batera, 18:00etatik aurrera. Marrazkiak irailaren 7an, asteazkena, arratsaldeko 17:00etan Joxe Arregi plazan aurkeztu beharko dituzte.

  • Kros mistoan izena ematea lasterketa baino ordubete lehenago izango da, dohainik.

  • Irailaren 5eko bertso-afariko izen-emateak Udal Bulegoetan egin behar dira, 20 eurotan langileentzat eta 10 eurotan langabetuentzat. Pertsona bakoitzak gehienez 4 izen-emate egin ahal izango ditu. Izen-ematea mugatua da.

  • Herri afarirako txartelak Atxulondo tabernan erosi daitezke, irailaren 4a baino lehen, 22 euroren truke. Bi menu egongo dira aukeran: haragiduna edo beganoa; tiketa erostean aukeratu behar da menua. Atxulondok eskaintzen duen herri afariaz gain, beste gune bat egongo da afaria etxetik eraman nahi duenarentzat.

  • Irailaren 9ko meza nagusia 12:00etan izango da.

  • Gazte bazkarirako txartelak ohiko lekuetan egongo dira salgai irailak 5 arte, 10 eurotan. Platera eta mahai-tresnak bakoitzak eraman beharko ditu.

  • Patata tortilla lehiaketako osagaiak, sua eta tresnak bakoitzak eraman beharko ditu.

  • Herri bazkarirako mahai eta aulkiak erreserbatu ahal izateko ezinbestekoa izango da irailak 4a baino lehen izena ematea Labur.eus/herribazkaria inprimakian edo udal bulegoetan, irailak 4 arte.

  • Photocall-a: Mozorro lehiaketan parte hartzeko nahitaezkoa izango da bertan argazki bat atera eta #Meloluzko traolarekin Facebook edo Instagramen partekatzea edo photocall-ean bertan ageri den telefono zenbakira bidaltzea.

  • Mus txapelketan 2005 urtean edo aurrez jaiotakoek parte hartu ahal izango dute.

  • Xake txapelketa suitzar erara jokatuko da. Ez dago adin mugarik eta maila guztietako pertsonek parte har dezakete.

  • Gauero karpan afaltzeko gune librea egongo da.

  • Festek irauten duten bitartean, ordutegi aldaketak izango dira hondakinen bilketan. Adi udalak zabalduko duen bandoari.

  • Festetan kontsumo arduratsua izatera eta zero zabor filosofiarekin bat egitera gonbidatzen ditugu herritarrak.

  • Festa Batzordeak ez du bere gain hartuko gerta daitezkeen istripuen ardura.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!