Gaur abiatu dituzte Andra Mari jaiak Zizurkilgo Herrigunean. Lau eguneko festa prestatu du jai batzordeak eta gaur goizean abiatu dituzte ekitaldiak. Herriko gazteak 06:30ean abiatu dira baserriz baserri oilasko bilketa egiteko. Jai giroan, soinu eta pandero soinuak lagunduta eta eguraldi apartarekin egin dute ibilbidea 40 gazte inguruk. Pedro Mari Otañon bildu dira eguerdian oilasko biltzaileak dantzaldia egiteko. Ohiturazko dantzak egiteaz gainera, gazteek festa batzordeko kide Igotz Alkortari eta Plazaetxeberriko langile izandako Judith Kortajarenari agurra dantzatu diete.
Ondoren, eraso sexisten aurkako herri argazkia atera dute herritarrek plazan bertan. Goizean zehar, jolas parkeko horma irudiaren margotzea ere egin dute eskolako umeek gurasoen laguntzaz.
Arratsaldean jarraituko du jai giroak Herrigunean. Ofizialki festak 19:30ean abiatuko dira eta aurtengo Txapel Eguneko txapeldunak, Alex Intzak piztuko du Andra Mari festak abiatzeko suziria:
- 17:30. Madiber magoaren Hau da Magia ikuskizuna, plazan.
- 19:00. Zizurkilgo erraldoi eta buruhandien kalejira, Loatzo musika eskolako txistulariekin.
- 19:30. Suziria. Aurtengo Txapel Eguneko txapelduna izan den Alex Intzak piztuko du suziria, Iriarte etxeko balkoian.
- 21:00. Herri afaria, plazan.
- Ondoren. Erromeria Laiotz taldearekin.
Aslehenera arte luzatuko dira festak Zizurkilgo Herrigunean.